Bizkaiko Aldundiak 500.000 euro baino gehiago erabili ditu aurten abeltzaintza elkarteentzako laguntzetarako

Aurten banatu dituen abeltzaintzarako laguntzen berri eman du Bizkaiko Aldundiak
Foto: Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:03

BILBO, 6  (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 500.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten arraza garbien abeltzainen elkarteetara eta osasun nahiz ekoizpenean hobekuntza programak sustatu eta garatzen dituzten lurraldeko abeltzaintzako elkarteetara. Zehazki, 460.000 euro ekoizpena eta hazleen eta sektoreko beste elkarte batzuen funtzionamendua hobetzeko izan dira, eta 48.000 euro, berriz, osasun programak ezartzeko.

   Osasun programak ezartzeko laguntzak, Bizkaiko Hegaztizainen Elkartearentzat (15.335 euro), Haragitarako Behi-Hazleen Elkartearentzat (Limousinea, Piriniarra, Blondea eta Terreñoa, 26.385 euro) eta Untxi-Hazleen Elkartearentzat (6.600 euro) izan dira.

   Bestetik, honako hauek izan dira ekoizpena eta kolektiboen funtzionamendua hobetzeko diru elaguntzen onuradunak: Bizkaia Frisiar Elkartea (221.560 euro); Enkarterrietako Astoaren Elkartea (3.800 euro); Terreño-Hazleen Elkartea (13.245 euro); Azpigorri Elkartea (4.000 euro); Mutur Beltzaren Defentsa eta Babeserako Elkartea (3.500 euro); Sasi Ardi Elkartea (1.800 euro); Betizu-Hazleen Elkartea (3.500 euro); Motxina-Hazleen Elkartea (5.300 euro); Pottoka-Hazleen Elkartea (12.000 euro); Bizkaiko Zaldi-hazleen Elkartea (10.150 euro); Bizkaiko Behi-azienda Piriniarraren Elkartea (40.000 euro); Limousine-Hazleen Elkartea (34.500 euro); Blonde-Hazleen Elkartea (25.000 euro); Bizkaiko Latxa Ardien Hazleen Elkartea (56.700 euro); Untxi-Hazleen Elkartea (25.900 euro); eta Bizkaiko Hegaztizainen Elkartea (3.800 euro).

   Bi elkarte multzo izan dira, batik bat, diru laguntzen onuradun: batetik, abere arraza garbiak kontserbatu, hobetu eta sustatzen dituzten hazleen elkarteak, eta, bestetik, abeltzaintzaren barruko azpisektore bat nabarmen ordezkatzen duten eta nekazaritzaren arloko barne produktu gordinari ekarpen neurgarri bat egiten dioten ekoizle eta abeltzainen lanbide eta enpresa elkarteak.

   Hainbat zereginetarako erabiliko dituzte diru laguntzak, hala nola abeltzaintza lehiaketak antolatzeko, genealogia liburuak sortu eta mantentzeko, ganaduaren eta hazitegietako deribatuen kalitate genetikoa edo etekinak zehazteko saioetarako, trebakuntza ikastaroetarako eta abar.

HELBURU NAGUSIA

   Helburu nagusia Bizkaiko landa guneak eta mendialdeko nekazaritza guneak sustatzea da, eta horretarako ematen zaie laguntza hango elkarteei, landa komunitateak mantendu eta finkatzeko jarduerak eta komunitateon bizi kalitatea hobetzekoak sustatu eta dinamiza ditzaten.

   Bizkaiko Nekazaritza Sailaren ustez, horrekin batera, lanbide eta enpresa elkarte horien beste jarduera eta ekimen batzuk ere bultzatu behar dira, besteak beste, elkartekideen interes profesional eta ekonomikoak ordezkatu, defenditu eta koordinatzearekin loturikoak, bai eta kasuan kasuko jardueren baldintzak garatu eta hobetzeko egiten direnak ere.

   Ildo horretan, "elkarte sektorial profesionalek eta arraza garbien elkarteek errendimenduaren kontrolaren arloan eta programa sanitarioen hobekuntza, sustapen edo ezarpenaren arloan egin dituzten jarduerek aukera ematen dute aurrera egiteko abeltzaintzako ustiategien errentagarritasunean eta, beraz, haien lehiakortasun eta etorkizunean", azaldu du Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatuak.

Contenido patrocinado