BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko arreta integralerako seigarren 'Gertu' bulegoa jarri du martxan, Igorren, 434.722 euroko inbertsioa eginda. Dagoeneko 13 pertsonak lan egiten dute bulego berrian, kopuru hori handitu egingo den arren Errenta eta Azaleren Aitorpenaren kanpainetan. Arratia-Nerbioi eskualdeko 16 udalerritako 24.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzua bulego berriak.
Igorreko Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan ematen ziren zerbitzu guztiak barne hartzen dira bulegoan, bai eta foru erakundearen gainerako sailen 150 izapide eta zerbitzu baino gehiago ere. 147 metro koadroko lokala da, berria eta xede horretarako egokitua, eta Agirre Lehendakaria kaleko 19 zenbakian dago.
Hortaz, aurrerantzean, Bizkaiko Aldundiarekin egiten dituzten kudeaketak eskualdean bertan gauzatu ahalko dituzte Arratia-Nerbioin, Bilboraino mugitzeko beharrik gabe. Bulegoak zerbitzu integrala eskaintzen du leihatila bakarrean, aurrez aurreko arretarekin, gertutasun handiagoa eta lurralde kohesio handiagoa lortzeko.
Gainera, eskualdeko bizilagunei zerbitzua eskaintzeaz gain, Igorreko instalazioak izapideak egiteko aukera emango die bertara doan edonori, edonon bizi dela ere, Durango, Bermeo, Gernika, Balmaseda eta Mungian dauden bulegoek bezala.
Irekiera ordutegia 08:30etik 14:00etara da astelehenetik ostiralera, udan izan ezik (ekainaren 14tik irailaren 10era), orduan 08:30etik 13:30era egongo baita zabalik.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Igorreko bulegora egindako bisitan nabarmendu duenez, Igorren eskualdeko arreta integralerako 'Gertu' bulego berria martxan jarriz, "Bizkaiko herritarrei arreta gehiago eta hobea emateko konpromisoan aurrera egiten jarraitzen dugu. Pertsonei eta kolektiboei baliozko zerbitzuak eman nahi dizkiegu, hurbiltasuna eta lurralde oreka kontuan hartuta".
Gainera, iragarri du bizkaitarrentzako arreta sarea handitu egingo dela, bi aste pasatxoan Markinan beste bulego berri bat irekiko baita. Era berean, dagoeneko Bilboko eta Getxoko bi bulego berriren inguruan dihardute lanean: "Konpromiso sendo hori hartu dugu: Aldundia bizkaitarrengana hurbiltzen jarraitzea".
750978.1.260.149.20230316140533