Bizkaiko Bertsolari Txapelketa martxan dago, Eskualdeetako Txapelketekin

Abian da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Foto: BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 10 abril 2014 13:38

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2014 abian da jada, eta, lehenengo fasean, Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira, eskualdez eskualde, bakoitzean txapeldun bana izendatu arte. Guztira zortzi eskualdek osatzen dute Bizkaiko mapa: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta.

   Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, maiatzean jokatuko dira eskualdeetako final denak, baina finaletara heldu orduko, kanporaketak jokatuko dira, tokian tokikoak. Hego Uribeko bertsolariak izan dira kantatzen lehenengoak; joan den ostiralean jokatu zuten lehenengo kanporaketa Arrigorriagan, eta Peio Ormazabal Villanuevak irabazi zuen. Bigarren kanporaketa, gaur, apirilak 19, jokatuko dute Bilbon.

   Halaber, Uribe Butroeko bertsolariak ere goiztiarrak izango dira, eta ostiral honetan, apirilaren 11n, lehenengo kanporaketa jokatuko dute Gamiz-Fikan, Fikako txokoan. Hurrengo kanporaketa guztiak udaberriko oporren ostean jokatuko dira, maiatzeko eskualdeetako finaletara heldu arte.

   Horrela, Arratiako finala maiatzaren 4an izango da, Igorreko Lasarte aretoan; Busturialdekoa, maiatzaren 10ean, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan; Durangaldekoa, maiatzaren 18an, Berrizko kultur etxean; Enkarterri-Ezkerraldekoa, maiatzaren 31n, Zallako Zine antzokian; Hego Uribekoa, maiatzaren 3an, Bilboko Hika Ateneoan; Lea-Artibaikoa, maiatzaren 17an, Ziortza-Bolibarko frontoian; Uribe Butroekoa, maiatzaren 11n. Zamudion, Parke Teknologikoko aretoan (Barku eraikina); eta Uribe Kostakoa, maiatzaren 24an, Algortako Fadura kiroldegiko aretoan.

Contenido patrocinado