Bizkaiko Foru Aldundiak 113 abere hautaturen enkantea egingo du larunbatean Gorlizko Basetxean

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 mayo 2010 20:27

BILBO 27 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 113 abereren enkantea egingo du larunbat honetan Gorlizko Foru Basetxean, goizeko 11:00etan hasita. Enkantean izango diren arraza pirenaiko eta terreñako abelburuak foru erakundearen aukeraketa eta hobekuntza genetikoko programetatik datoz.

Abere hautatuak dira, eta lau multzotan egingo da enkantea: lehenengo multzoan, 39 behi kumedun izango dira; bigarren multzoan, 12 bigantxa; hirugarren multzoan, hamar txahal; azkenik, laugarren multzoan, 13 behi, haragitarako.

Gorlizko Foru Basetxea eliteko behi pirenaikoen erreferentziazko zentroa da. Zentroaren helburua da abere-arraza honen ezaugarriak iraunaraztea eta hobetzea, Bizkaiko abeltzaintzara hobekuntza horiek eraman eta ustiategien errentagarritasuna optimizatzeko.

Helburu hori lortzeko, zentroak zenbait jarduera egiten ditu. Horrela, egiaztatutako balio genetikoa duten zekorrak hautatu eta hazten ditu, hazitarako abereei probak egiteko Sabaizako (Nafarroa) estazio ofizialerako eta Euskal Herriko herri-basoetara eramateko eta, ondorioz, arrazaren genealogia-liburuaren oinarria zabaltzeko.

Halaber, egiaztatutako balio genetikoa duten bigantxak ere hautatzen eta hazten ditu, arrazaren hobekuntza genetikoa hobetzeko eta, enkante publikoen bitartez, arraza zabaltzeko. Gainera, enbrioien transplanteen bidez, balio handiko material genetikoa lortzen du, ezarritako hobekuntza-planetan zabaltzeko.

Gaur egun, zentroak umetarako 89 abere ditu eta ordezteko 51 eme (urte batekoak eta bikoak), eta beraz, ezinbestekotzat jotzen da abereen enkantea egitea, egokiena umetarako 40-50 abereko errolda izatea baita.

Contenido patrocinado