Bizkaiko II. Erromeria Egunak 20 taldetik gora bilduko ditu Lemoan urriaren 17an

Bizkaiko II. Erromeria Eguna aurkeztu dute
DANOK PRO
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 16 junio 2026 13:37

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa antolatu dute Lemoako Udalarekin lankidetzan urriaren 17rako, eta 20 talde baino gehiago bilduko dituzte Arratia eskualdeko udalerrian. Egun osoko egitarau zabalarekin, eta gune desberdinetatik, Lemoa osoa "euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren bueltako bestelako edukiez jantziko du" ekimenak.

Lemoan bertan izan da aurkezpen prentsaurrekoa astearte honetan, Kotxepin Kultur Etxean, eta Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Leixuri Arrizabalagak, Lemoako alkate Esther Iturriozek eta Danok Pro kooperatibako bozeramaile Jon Gomezek hartu dute parte. Bizkaiko Aldundiko eta Lemoako Udaleko zenbait ordezkari eta Bizkaiko Erromeria Egunean parte hartuko duten hainbat artista ere egon dira.

Arrizabalagak nabarmendu du erromeriak "gure kultura eta nortasunaren parte" direla: "Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da".

Foru diputatuak esan du aurten transmisioan jarri dutela fokua. Bere hitzetan, "belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna".

Bizkaiko Erromeria Eguna urtero eskualdez eskualde egiteko sortu zen iaz, eta Durangaldetik Arratiara egin du jauzi aurten. Arratiaren ordezkari Lemoa aukeratu da, "lurralde mailako jai handiak herri txikietara ere eramateko apustu sendoan". Zentzu horretan, Lemoa "ondo kokatuta eta konektatuta" dagoela adierazi du Bizkaiko Aldundiko ordezkariak.

Bestalde, Esther Iturriozek ziurtatu du Lemoa "euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro" bihurtuko dela urriaren 17an, eta "pozez eta ilusioz" hartu zutela Aldundiaren erronka Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa Lemoan antolatzeko.

Horretarako, "esfortzu handia" egiten ari dira Udaletik, "baliabiderik onenak bideratu ahal izateko erromeriazaleen egun handi hau herrian ahalik eta ondoen antolatzeko". Esfortzuak merezi duela onartu du alkateak, besteak beste, herriko eta eskualdeko elkarteen parte hartzea ere izango duelako Bizkaiko Erromeria Egunak: Mendieta herri kirol elkartea, Durundi Barri dantza taldea, eskualdeko musikariz osatutako Eingo eta Merhezi taldeak eta Arratiako Musika Eskola.

ARTISTAK ETA TALDEAK

Lemoako eta Arratiako artistez gain, Bizkaiko Erromeria Egunaren artistak nortzuk izango diren ere iragarri du Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibako kideak, hain zuzen ere.

Horrela, Lemoan izango dira Korrontzi, Lorratz, Larrain Dantza herrikoia, Harribitxiko txistulariak, Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania trikitilariak, Ene Kantak, Kittu, Itsaso Arrietaren kantu ikastaroa, Igorrek Arantzarte dantza taldeko Jone Intsaustiren Arratiako jota ikastaroa eta Matraka elektrotxaranga.

Gainera, 20:30etik aurrera, gazte sentitzen direnentzako formatu elektroniko eta handiagoetako erromeriak izango dira: Lehian, Argitu, Zirkinik Bez eta Trikizio. Kalez kale eta tabernaz tabernako eskaintzak ere indar handia izango du: Bizkaiko gaiteroak, Ondalango erraldoi eta buruhandiak, Urrutia anaiak trikitilariak, Izenbarekuak txaranga eta Bizkaiko albokariak.

Proposamen artistikoez gain, herri bazkaria, bertsolariak, herri kirol tailer eta erakustaldiak, eta haurrentzako puzgarriak ere izango dira Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioan.

Amaitzeko, jaialdiari buruzko informazio guztia, gunez guneko egitarau zehatza barne, Bizkaiko Erromeria Egunaren Instagram eta Facebook kontuetan argitaratzen joango direla azaldu dute, baita webgune ofizialean ere: erromeriaeguna.eus.

Contador

Contenido patrocinado