DONOSTIA 26 Abr. (EUROPA PRESS) -
CAF-Elhuyar sariak banatu dira asteazken honetan Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan, 'Begiratu urrunera' lelopean, eta Judith Zubia Aranburu, Mattin Urbieta Galarraga, Iñaki Sanz Azkue eta Aitor
Garmendia Etxeberria dira sarituak. Gainera, sorkuntza beka bi proiektuk jaso dute, epaimahaiak hala erabakita: Jon Sanchez Carrascoren 'Semiosi-genesi' eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren 'Ia dena' proiektuek.
Halaber, CAF-Elhuyar merezimendu saria Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.
Sariketa Elhuyar Fundazioak antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta Neiker institutuaren babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.
Edizio honetan 41 lan jaso dira. Dibulgazio artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, 'Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko' izeneko artikuluarekin, eta egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbieta Galarragak, 'Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko' lanari esker.
Zientzia kazetaritza kategorian, Iñaki Sanz Azkueren 'Dragoi txiki bat egongelako horman' lana izan da saritua, eta lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrak eraman du, 'Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean' lanari esker. Saridun guztiek 2.000na euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
Sariez gain, 5.000 euroko diru laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza beka, epaimahaiak hala erabakita. Jon Sanchez Carrasco donostiarraren 'Semiosi-genesi' proiektua izan da sarituetako bat, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren 'Ia dena' lana bestea.
Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du aitortza, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.
SORKUNTZA BEKA 2022
Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza beka irabazi zuen proiektua ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan. Iaz, Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarrak jaso zuen sorkuntza beka, 'Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean' proiektuarengatik.
Eskuratutako bekari esker, mapa bat egiteko aukera izan du, eta, ekitaldian egin duen aurkezpenaren bitartez, mapa horrek dakarren informazioa azaldu du. Ekitaldira bertaratu diren guztiek paperezko maparen ale bana jaso dute.