CAF-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko epea zabalik dago

CAF-Elhuyar 2021
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 4 octubre 2020 10:49

DONOSTIA 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

CAF-Elhuyar sarien edizio berria abian da, eta lanak aurkezteko epea 2021ko otsailaren 12ra arte dago zabalik. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen sariketaren aurtengo leloa 'Ezagutza da txertoa' da, eta berritasun nagusia da bi sorkuntza beka emango direla, baten ordez. Gainerako kategoriek berdin jarraituko dute.

Horrela, sarien arduradunek jakinarazi dutenez, 'Dibulgazio artikulu originalak' kategoria bi ataletan banatuta dago: dibulgazio artikulu orokorrak eta egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluak. 2.000na euroko saria, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte irabazleek.

Halaber, 'Zientzia kazetaritzaren arloko lanak' kategoriako irabazleak ere, 2.000 euro, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.

Bestalde, 'Zientzia Gizartean sorkuntza bekak' kategorian onartuko dira zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak. Aukeratutako bi proiektuen egileek ideia gauzatzeko 5.000na euroko dirulaguntza jasoko dute, baita eskultura ere.

Gainera, azken urteetan egin den moduan, oraingoan ere, Neiker sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari. Saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria da. Lanak 2021eko otsailaren 12ra bitarte aurkez daitezke cafelhuyarsariak.elhuyar.eus web orrian.

ERAKUSKETA

Bestalde, 'Fossil Plastics. Alegiazko enborrak' erakusketa inauguratu da ostiral honetan Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, eta bertan egongo da ikusgai urriaren 31ra arte. Martin Etxauri Sainz de Murieta artista burlatarrak iaz irabazi zuen Zientzia Gizartean sorkuntza beka, eta bertan jasotako sariarekin 'Fossil plastics. Alegiazko enborrak' proiektua landu du.

Proiektuak galdera bikoitza proposatzen du, fotogrametria bidez eskaneatu eta hiru dimentsiotan inprimatutako enbor azalen bidez: "Hartuko ote dute plastiko sedimentuek inoiz harrien papera fosilen sorkuntzan, egurraren lekua betez eta plastikoz osatutako enborren fosilak bilakatuz? Edo guk geuk, ariketa ergel kontraesankor batean, sortuko al ditugu halako plastikozko enborrak, jada existitzen ez diren zuhaitzen azalak gogoratzeko?". Hitz horiekin laburbildu du artistak bere lana.

Gainera, sarien aurtengo edizioko irabazleek ostiral honetan jaso dute Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean bertan egin den ekitaldi xume batean. Sariak apirilean iragarri ziren, ohi bezala, baina covid-19aren pandemiaren ondorioz, ez zuten eskultura jasotzerik izan, eta horretarako aukera eman du erakusketaren inaugurazioak.

Contenido patrocinado