BILBO 23 Oct. (EUROPA PRESS) -
CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria martxan da, 'Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak' lelopean. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea da sariketaren helburu. Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta Neiker institutuaren babesarekin.
Elhuyarretik jakinarazi dutenez, gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako, hala nola klima larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea edota dibertsitatea onartzea. Horretarako, "zientzia
ezinbesteko tresna", baita irudimena ere. "Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta lehen pausoetako bat CAF-Elhuyar sariketan parte hartzea izan daiteke", adierazi dute.
Bada, 'Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak' leloarekin bat egiten duten egile eta sortzaileek euren lanak aurkezteko aukera dute jada, 2022ko otsailaren 12ra bitarte, cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webgunean.
Hiru kategoria izango dira. Dibulgazio artikulu originalak kategoria beste bitan banatuta dago: dibulgazio artikulu orokorra eta doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikulua. Azpikategoria horien irabazleek, 2.000 euroko saria, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
Bigarrenik, Zientzia kazetaritza arloko lanak kategoriko irabazleak ere 2.000 euro, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.
Azkenik, Sorkuntza beka kategorian sartuko dira zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura ere.
Horiekin guztiekin batera, Neiker saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.