BILBO, 22 (EUROPA PRESS)
Elhuyarrek baliabide berria jarri du gizartearen eskura, doan, ingelesa zubi hizkuntzarik gabe ikasteko, 'Collins Elhuyar' euskara-ingelesa hiztegia kontsultatu baitaiteke asteazken honetatik aurrera hiztegiak.elhuyar.eus atarian. Baliabideari esker, ingelesa ikasten ari diren euskaldunek ez dute ingelesa-gaztelania edo ingelesa-frantsesa hiztegien beharrik izango. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean 31.700, eta ingelesa-euskara atalean 33.400.
Elhuyarrek jakinarazi duenez, hiztegi honen lehen bertsioa paperean kaleratu zen, 2016an. Orduan, ingelesa-euskara atala osatzeko, 'Collins Concise Spanish Dictionary' hiztegia hartu zen oinarri, eta 'Euskaltzaindiaren Hiztegia' ezinbesteko erreferentzia izan zen, Ehuyarren euskara-gaztelania hiztegiarekin batera. Collins argitaletxea bera ere "harro" agertu da horrelako proiektu batean Elhuyarrekin elkarlanean aritu izanaz, "behar-beharrezkoa baita ingelesa-euskara hiztegia egiteko".
Papereko lehen argitalpenetik, hiztegiak hainbat eguneratze izan ditu, eta bertsiorik berriena dago kontsultagai orain Elhuyarren hiztegi orokorren webgunean, euskara-gaztelania eta euskara-frantsesa hiztegiekin batera.
Hiztegi hau, Elhuyarren besteak bezala, dinamikoa eta bizia da, eta etengabe eguneratuko da aurrerantzean ere. Baliagarria izango da eguneroko lanerako hainbat erabiltzailerentzat; besteak beste, ezinbesteko tresna izango da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat.
Elhuyarrek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko jarri du 'Collins Elhuyar English Basque Dictionary' hiztegia gizartearen eskura, doan, une oro kontsultatzeko moduan. Webgunean ez ezik, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsulta daiteke (Android eta iOS), bai eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere, edozein programatatik zuzenean kontsultatu ahal izateko.