Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea elektrifikatuko du, 40 milioi euroko aurrekontuarekin eta lau urteko epean

- DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 16 julio 2019 17:29

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Dbus Donostiako garraio konpainiak erabaki du bus elektriko adimenduna (BEI) sistema ezartzea 17-Gros-Amara-Miramon linean, hiriko hainbat lineatan egindako elektromugikortasuneko proiektuen ostean. Eraikuntza proiektuaren garapenerako eta ondorengo ezarpenerako jarritako lanen aurrekontua 40.000.000 eurokoa izango da (BEZ barne), eta epea lau urtekoa (2019-2022), gutxi gorabehera, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzi ordezkariak jakinarazi dutenez.

Linearen elektrifikazio osoa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatuko duten hitzarmenari esker egingo da. Erdigunea eta Gros autobus geltokiarekin eta Renfeko geltokiarekin lotzen ditu lineak, bai eta Amararekin, Donostiako Ospitaleen gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin ere.

Ekimena aurkezteko agerraldian azaldu dutenez, 2014an, 12 metroko lehen autobus %100 ekektriko jarri zen zerbitzuan, eta harrez gero Dbusek hainbat ibilgailu elektriko probatu ditu, euren funtzionamendua egiaztatzeko eta linea bat guztiz elektrifikatzeak dakartzan beharrak aztertzeko. Era berean, 17 linea da Dbusen bidaiari gehien dituen laugarren linea (2.020.000 bidaia 2018an), eta etengabe ari da hazten.

Horren erakusgarri da lineak lanegunetan 1.300 bidaia egiten dituela 12 metroko autobuseko. Bidaia kopuru hori 5-Benta Berri lineakoaren antzekoa da, hor 1.286 bidaia izaten baitira lanegunetan 18 metroko autobuseko.

17 lineak 12 metroko autobusekin ematen du zerbitzua eta linea elektrifikatuta autobus horiek 18 metroko 9 autobus elektriko artikulatuekin ordezkatuko lirateke, autobuson kapazitatea hobetuta eta erosotasun handiagoa eskainita erabiltzaileei. Proiektua martxan jartzeko beharrezkoa izango da 9 autobus elektriko artikulaturen erosketa lizitatzea. Horietako zazpik linean emango dute zerbitzua eta bi erreserban utziko dira.

HITZARMENA

2018ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lankidetzako protokolo orokorra sinatu zuten, Donostian Smart Mobility mugikortasun eraginkor eta integratuarekin lotutako zenbait jarduera gauzatzeko, eta horien artean zegoen BEI sistema.

Protokolo horretan jarritakoari jarraituz, hiru erakundeek aurreikusita dute lankidetza hitzarmen bat onartzea, proiektua idatzi eta geroko BEI ezartzeko Donostiako 17-Gros-Amara-Miramon linean.

BEI sistemak gutxienez neurri hauek hartzea eskatuko luke: %100 elektrikoak diren zero igorpeneko autobus elektriko artikulatuak sartzea eta karga puntuak instalatzea; autobus bide gehiago egitea eta semaforoz autobusei lehentasuna ematea; hobekuntzak autobusen sarbideetan ontziratze denborak optimizatzeko; hobekuntza irisgarritasunean; sistema adimendunak ezartzea kudeaketarako, gidatzeko eta komunikaziorako.

Esabn bezala, Dbuseko 17 linea BEI linea bihurtzeari dagokion eraikuntza proiektuaren garapenerako eta ondorengo ezarpenerako jarritako lanen aurrekontua 40.000.000 eurokoa izango da (BEZ barne), eta epea, gutxi gorabehera, lau urtekoa (2019-2022).

Contenido patrocinado