DONOSTIA 19 (EUROPA PRESS)
Barrena jarri da martxan urteetako lanaren ondoren, Debabarreneko (Gipuzkoa) tokiko informazio landuko duen komunikazio proiektua. Proiektuak bi produktu argitaratu ditu ostiral honetan: barrena.eus atari digitala eta 'Barrena' astekaria.
Tokiko Toki Komunikabideen Bateraguneak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, orain arte eskualdean jardun duten Barren (Elgoibar-Mendaro), Pil-Pilean (Soraluze), Berriketan (Deba) eta DrogeteniBurri (Ermua-Mallabia) proiektuen baturatik sortu da Barrena, eta, haien indarrak metatuz, ordezkatu baino, hobetzera dator eskualdeko komunikabide berria.
Proiektuaren atzean dauden euskara elkarteek adierazi dutenez, "marraztu dugun komunikazio proiektuak egitura indartsuagoa eta profesionalagoa izango du, eduki multimedia gehiago eskaini ahalko ditu, eskaintzak urrunago hedatzeko aukera emango die komertzioei eta, oro har, difusio eta inpaktu handiagoa izango du debabarrendarron artean".
"Duen dimentsiogatik, Barrena izan daiteke azken urteotan Debabarrenean euskara biziberritzeko abiatu den ekimenik garrantzitsuenetakoa, ezpada garrantzitsuena", gaineratu dute.
Pil-Pilean herri komunikabideko kazetari eta Barrena proiektuaren bultzatzaile Egoitz Unamunok azaldu du egitasmoaren helburua eskualdean "erreferente" izango den komunikabide bat sortzea dela, "zabala eta sendoa, izango duena gaitasuna gaur eguneko euskarrietara egokitzeko eta eskainiko diena debabarrendar guztiei bailara osoko informazioa euskaraz paperean eta digitalean".
Adieraiz duenez, "debababarrendar guztiok dugu eskubidea jasotzeko euskaraz ondoko herrietako berri eta Barrenak horixe eskainiko du Debabarrenean, lehen aldiz euskaraz".
Unamunok berretsi du Barrena Komunikazio Taldeak "eskualde osoko hedabide izateko bokazioa" duela eta datozen hilabeteetan "ahalegin guztiak" egingo dituztela elkarlana bideratzeko bailarako ahalik eta eragile gehienekin.
Bide horretan, Barrenak lankidetza hitzarmena sinatu berri du Eibarko Arrate Irratuarekin, eta ondorioz, irratiko audiorik esanguratsuenak Barrena.eus webgunean ere entzun ahalko dira.
GOBERNANTZA
Proiektuari aurre egiteko, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko eta Debako euskara elkarteen artean Barrena Komunikazioa Koop. S. irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba soziala sortu dute.
Jabetza nagusia bazkide erabiltzaileena izango den arren (euskara elkarteena), asmoa dute kooperatubaren gobernantzara beste bi hanka gehitzeko: langileak eta udalak.
Hala, 2026an langileak kooperatibako lan-bazkide egingo dira eta udalak ere gonbidatuko dituzte kooperatuban parte hartzera, bazkide laguntzaile figuraren bitartez, Barrena izaera publiko-sozialeko kooperatiba izango baita.
Azkenik, Barrenak hedabidearen komunitateko kide egiteko aukera eskainiko die herritarrei Barrenakide figuraren bitartez. Hala, herritarrek Barrenakide eginez aukera izango dute hedabideari lagundu eta hedabideak bere komunitateko kideei eskainiko dizkien abantailak eskuratzeko. Herritarrek aukera dute jada Barrenakide egiteko.