Dee Dee Bridgewater, Esperanza Spalding, Uri Caine, Hermeto Pascoal eta Jorge Pardo, Getxo Jazzen 40. edizioan

Dee Dee Bridgewater
GETXO JAZZ
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 15 junio 2016 16:00

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 40. ekitaldia ospatuko da uztailaren 1etik 5era eta egitarauan ospe handiko artistak bilduko ditu aurten ere. Zehazki, saio nagusietan Dee Dee Bridgewater, Esperanza Spalding, Uri Caine, Hermeto Pascoal eta Jorge Pardo izango dira, Biotz Alai plazan, gaueko 22.15etik aurrera, jaialdiaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez.

Talde Lehiaketako (Biotz Alai plazan, 21.00etan) eta Hirugarren Milurtekoa ataleko (Algortako Geltokia plazan, 19.00etan) kontzertuak ere izango dira aurten, eta uztailaren 1etik 3ra, jam session saioak The Piper's Irish Pubean, 00.00etan). Halaber, familia osoarentzako bi ikuskizun izango dira Getxo Jazzen lehen aldiz, Algortako Geltokia plazan, 12.30ean.

Saio nagusiei dagokienez, Jorge Pardo flautista eta saxofonistak hasiko du udalerri bizkaitarre jazzaldia, Huellas laukotearekin. Pardo "mestizaje musikal onenaren eredua" da eta flamenko jazz proposamen dotorea eskainiko du. Uztailaren 2an Uri Caine ariko da, jazz musikako "pianistarik garrantzitsuenetakoa eta berritzaile nekaezina". Getxora bere hirukotearekin helduko da, formaturik ezagun eta adierazgarrienarekin, alegia.

Getxo Jazz jaialdiaren erdialdean Hermeto Pascoalen txanda izango da, uztailaren 3an. Musika tradizional brasildarraren eta jazzaren eta beste soinu batzuren arteko fusioaren egile nagusietakoa da Pascoal.

Uztailaren 4an, jazzaldi getxoztarrak Dee Dee Bridgewater aurkeztuko du bere historian bigarren aldiz. Estandarren errepertorioa "bikaintasun osoz" lantzen duen nazioarteko erreferentziako ahotsa da Bridgewater, "beti inprobisazio interpretatiboan era iraunkorrean arriskatuz".

ESPERANZA SPALDING

Getxo Jazzen azken egunean, uztailaren 5ean, Esperanza Spalding kontrabaxu jotzailea ariko da, gaur egungo eszenan proiekziorik handienetakoa duen artista. Spaldingek "Emily's D+Evolution" ikuskizun berritzailea aurkeztuko du Getxon, jazza bideoarekin eta antzerki-eszenifikazioarekin nahastuta.

Programa nagusiko emanaldiei Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak gehitu behar zaizkie. Hirugarren Milurtekoa sailean, Laurent Coulondre Trio eta Ainara Ortega "Scat" proiektu gazteak eta Kiko Berenguer eta Gonzalo del Val artista beteranoak izango dira, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan sortutako jazz ensemble batekin batera.

Horrez gain, uztailaren 1etik 3ra bitartean, 00.00etan, jam session saioak izango dira The Piper's Irish Pubean, In Sesion taldearen parte hartzearekin. Gainera, uztailaren 2an eta 3an familia osoarentzako saioez gozatzeko aukera izango da Geltokia plazan, 12.30ean, eta azkenik, Torrene Aretoan, Javier de la Torreren "Jazz? Yes!" mosaikoen erakusketa izango da ikusgai.

Contenido patrocinado