Deustuko Unibertsitateak ate irekien jardunaldia egingo du larunbatean, Bilbon eta Donostian

Deustuko Unibertsitatea, Bilbon
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 15 febrero 2019 13:13

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Deustuko Unibertsitateak ate irekien jardunaldia egingo du larunbatean, otsailaren 16an, 2019-2020 ikasturteko eskaintza ezagutzera emateko, Donostiako eta Bilboko campusetan, 10:00etatik 14:00etara. Etorkizuneko ikasleek aukera izango dute 40tik gora gradu, gradu bikoitz, gradu eta ibilbide dual, aipamen eta titulu propioak ezagutzeko, bai eta unibertsitateko 22 titulazio elebidun eta hirueledunen eskaintza berria ere.

Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez, nazioarteko titulu horien berrikuntza nagusia da ikasleek beren hizkuntza ibilbide elebiduna edo hirueleduna diseinatu ahal izango dutela, eta ibilbide horri lotutako ziurtagiria jasoko dutela ikasketak amaitzerakoan. Horretarako, kredituen %40tik gora euskaraz edo ingelesez egiteaz gain, hizkuntza horretan C1 maila dutela erakutsi beharko dute.

Horrela, graduaren arabera, ikasleak lau modalitateren artean aukeratu beharko du: elebiduna, ingelesarekin; elebiduna, euskararekin; hirueleduna, ingelesarekin eta euskararekin; hirueleduna, euskararekin eta ingelesarekin. Hori guztiari gehitzen zaio karrera batzuetan kredituen %80 baino gehiago egin daitezkeela euskaraz edo ingelesez.

"Hizkuntza eskaintza horrek Deustuk eleaniztasunarekin duen konpromisoa erakusten du, eta urrats bat gehiago da gradudunen gaikuntzan eta titulazioen nazioartekotzean", nabarmendu du.

Helburu bera lortu nahi du datorren ikasturterako beste berrikuntzetako batek: graduak titulu propioekin konbinatzeko aukera, espezializazio handiagoa lortzeko. Zehazki, Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduan, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketakoan eta Turismoan nazioarteko profila indartu daiteke, graduarekin batera International Trade Skills titulu propioa eginda. Helburu hori bera du Skills for International Lawyers titulu propioak, Zuzenbideko ikasleei eskaintzen zaienak. Ingelesez egiten da, osorik, nazioarteko esparru juridikoa lantzeko.