Dispositibo koordinatu "sendo bat" antolatu dute ostegunerako Bilbon Athletic-Rangers partida dela eta

Archivo - Zalea Athlketic agurtzen
David de Haro - Europa Press - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 14 abril 2025 12:54

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek dispositibo "sendo bat" antolatu dute koordinatuta ostegunerako, apirilaren 17rako, talde zuri-gorriak eta Glasgowko Rangers Football Club taldeak San Mamesen 21:00etan jokatuko duten Europa Ligako final-laurdenetako itzulerako partida dela-eta.

Arduradunek jakinarazi dutenez, diseinatutako dispositiboak San Mamesko inguruei eragingo die batez ere, bi zaletu taldeen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera. Gainera, ohikoa den bezala, partidaren ondorioz trafikoa eten egingo da eta garraio publikoan aldaketak egin beharko dira.

Batik bat, Moyua plazaren eta Carlton hotelaren inguruan eta San Mames inguruan gertatuko dira zirkulazio murrizketak, bai eta zaletu eskoziarren estadiorako ibilbidean zehar ere.

Izan ere, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraikiz, bisitariei elkargune batera dei egingo zaie, denak batera joan daitezen futbol zelairaino, Ertzaintzako agenteek lagunduta. Zale eskoziarren topalekua Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim museotik hurbilen dagoen tartean, eta 18:00ak aldera abiatuko dira San Mameserantz.

Orobat, 18:00ak aldera zirkulazioa murriztu eta moztuko da Felipe Serrate kalean, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotza plazan. Halere, ordu erdi lehenagotik (17:30etik), lehenengo trafiko mozketak egingo dira Carlton hotelaren inguruan. Udaltzainek eta ertzainek zaleen arteko bizikidetza bermatuko dute egun osoan zehar.

Ertzainak San Mamesen kanpoaldean

GARRAIO PUBLIKOA

Bestalde, Bilboko garraio publikoan izango diren aldaketei dagokienez, tranbiaren zerbitzua 18:00etatik aurrera aldatuko da Pio Baroja eta Casilla geralekuen artean.

Era berean, partidak eragina izan dezake Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuetan, eta dispositiboaren arduradunek gomendatu dute balizko aldaketa eta alternatibak pantailetan edo webguneetan kontsultatzea.

Azkenik, bertoko zaletuei gomendatu diete San Mamesera hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta estadiora behar besteko aurrerapenaz sar daitezela.

Contenido patrocinado