Donibane Garazin jokatuko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa

Donibane Garazin kantatuko duten bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Publicado: viernes, 28 octubre 2022 10:54

BILBO, 28 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, urriaren 29an, Donibane Garaziko Jai Alain. Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran arituko dira, eta gai emaile lanak Zihara Enbeitak egingo ditu. Saioaren irabazleak Amurrion kantatuko du bigarren itzulian, azaroaren 19an.

Bertsozale Elkartetik jakitera eman dutenez, saioa 17:00etan hasiko da eta sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan 15:00etan irekiko da Jai Alaiko leihatila.

Finalaurrekoetako lehen itzulian, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du); binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; ganberako lana (banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian).

Asteburu honetako finalaurrekoa pasa eta gero, beste bi geratuko dira lehenbiziko itzulian, Irungoa eta Durangokoa, hain zuzen. Horietatik 18 bertsolari sailkatuko dira bigarren itzulirako, Amurrio, Baiona eta Bilbon egingo diren saioetarako, alegia.

Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik, ETB4n eta www.eitb.eus atarian zuzeneko emankizuna jarraitzeko aukera izango da finalaurreko guztietan. Era berean, www.bertsoa.eus atarian ere entzun eta ikusi ahal izango da.