DONOSTIA 11 Oct. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeak berriro irekiko ditu ateak datorren astelehenean, urriaren 14an, urtebetez itxita egon ondoren, Anoetako estadioaren berritze lanak zirela eta. Egun horretatik aurrera, kulturguneak estadioaren ekialdeko fatxadan duen egoitzan eskainiko ditu zerbitzuak eta programazioa, Haurtxokoa eta Gaztelekua izan ezik. Bi zerbitzuok egun behin behinean dauden egoitzan jarraituko dute, Olaeta jolas parkean, beste areto berri eta handiago batean berriro ireki arte, hori ere Anoetako estadioan, kultur etxearen ondoan.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Amarako kultur ekipamendu berrituak "hobekuntza nabarmenak" izango ditu. Berritasun nagusia da kultur etxea ez dela bi egoitzatan banatuta egongo, orain arte bezala. Kultur Etxeko sarrera eta harrera gela etxabean egongo dira, orain arteko lehen solairuarekin lotuta, eta etxabean egongo dira baita erakusketa aretoa, ikastaroetarako eta lagapenetarako lantegia eta ekitaldi aretoa. Goiko solairuan, berriz, liburutegia, KZgunea, Plus 55 zerbitzua, lau lantegi eta bulegoak egongo dira.
Erakusketa areto berria eta ekitaldi aretoa handiagoak eta egokiagoak dira orain, eta, horri esker, kultur etxearen programazio ildoak sendotu egingo dira. Bestalde, lantegi bat gehiago izango da egoitza berrian, "eta horrek badu bere garrantzia, kultur etxeak ikasle asko baititu eta areto lagapen asko egiten baitzaizkie elkarteei".
Beste berritasuna da liburutegia goitik behera eraberritu dela, bai altzariak eta bai gelen antolamendua. Hobekuntza horiei esker, udal sareko liburutegi handietako batek askoz modu eraginkorragoan eskainiko dizkie bere programa eta zerbitzuak erabiltzaileei.