DONOSTIA 14 (EUROPA PRESS)
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 'Euskaragida 2025' haurrei zuzendutako euskarazko produktu berri eta interesgarrienen gida kaleratu du. Liburuak, komikiak, appak, podcastak, jokoak, musika eta beste jasotzen ditu, hiru adin tarteka banatuta: 0-4 urte, 5-9 urte eta 10-12 urte.
Gidari esker, gurasoek errazago aurkituko dituzte euren seme-alabentzat egokiak diren produktuak. Gidan produktu bakoitzaren prezioa ere ageri da. Gida sarean ere ikusgai dago, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren webean (www.donostiaeuskaraz.eus).
Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskara zinegotziaren esanetan, gida lagungarria izango da euskarazko produktuen aukeraketa egokia egiteko. "Irakurtzea plazer bihurtzen da haurrak bere intereseko liburua topatzen duenean. Horretan laguntzeko sortu dugu gida hau", esan du.
Aurten ere, 12 urtetik beherako haurren artean banatuko da gida hiriko ikastetxeekin elkarlanean. Horrez gain, zenbait saltoki, liburutegi eta kultur etxetan ere eskuratu ahal izango da. Guztira 12.000 ale banatuko dira.
Abenduaren 5etik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren aurretik banatuko du gida Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, "garai ezin hobea baita euskarazko liburuak erosi edota oparitzeko eta horiez gozatzeko".