Donostiako Udalak Jatorra jubilatuen kluba berritu du, 665.220 euroko inbertsioa eginda

Udal ordezkarien bisita Jatorra jubilatuen klubera.
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 22 octubre 2020 16:13

DONOSTIA 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Jatorra jubilatuen klubak egoitza berritua du jada. Urbieta eta Larramendi kaleen kantoian kokatuta dago, Amara Berri ikastetxearen behealdean, eta bere azalera bikoiztu du, azken hilabeteetan egoitza berritzeko egin diren lanak amaituta. Donostiako Udalak 665.220 euroko inbertsioa egin du lokala berritzeko.

Eneko Goia alkateak eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintza zinegotziak instalazio berriak bisitatu dituzte ostegun honetan. Goiak esan duenez, "hobekuntza honi esker, bizitza eta jarduera handia duen lokal honek erdiguneko jubilatuen gune esanguratsuenetako bat izaten jarraituko du".

Jatorra klubaren azalera handitu da ondoan erabilerarik gabe zeuden bi lokali esker. Horrenbestez, lokala guztiz irisgarria da eta 180 metro koadro izatetik 450 izatera pasa da. Horretarako, Donostiako Udalak Hiria Berritzeko Plan Berezia egin behar izan zuen jubilatuen elkartea dagoen gunerako, eta horri esker, Larramendi kalean dauden eskaileren ondoan igogailua jarri da, araudia betez, eraikinak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian C mailako babesa duelako.

Igogailuari esker, jubilatuen elkarteak dituen 191 bazkideak arazorik gabe sartu ahal izango dira egoitza berrira. Era berean, egoitzak guztiz irisgarriak diren bi komun eta gune berriak ditu. Taberna izaten jarraituko du -otorduak eskainiko ditu-, eta ile apaindegia izango du, elkartearen zuzendaritza taldearentzako bulego zein zerbitzu teknikoak edo beste batzuk erabiltzeko guneekin batera.

Contenido patrocinado