Donostiako XXIII. Eskolarteko Literatur Lehiaketa-Koldo Mitxelena Sariak 1.712 lan jaso ditu

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 17 mayo 2012 16:03

DONOSTIA 17 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako XXIII. Eskolarteko Literatur Lehiaketa-Koldo Mitxelena Sariak banatuko dira igande honetan, maiatzaren 20an, eguerdiko 12:00etan, Victoria Eugenia Antzokian egingo da, parte-hartzaile guztiak gonbidatu daudela. Aurten, 26 ikastetxetako 1.627 ikaslek hartu dute parte eta 1.712 lan aurkeztu dituzte, antolatzaileek adierazi dutenez.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta antolatzen duen literatur lehiaketa da. Sari honek haur eta gazteengan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzea eta, era berean, literatur sormena, idazketa eta irakurketa txikitatik lantzea ditu helburu, A, B eta D ereduetan Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza Batxilergo eta Lanbide Heziketan ikasten ari direnen artean.

Lehiaketa lau ataletan banatuta dago: Olerkia, ipuina, bertsoa eta komikia. Adinaren arabera, sei kategoriatan sailkatzen da: Lehen Hezkuntzako lehen zikloa (6-8 urte); Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa (8-10 urte); Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa (10-12 urte); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa (12-14 urte); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa (14-16 urte); LOGSE Batxilergoa eta erdi mailako Lanbide Heziketa (16-18 urte).

Epaimahaikideak honako hauek dira: Antton Olariaga komikigilea, Joxerra Gartzia idazle, irakasle eta bertso aditua, Pello Añorga ipuin egile eta kontalaria, Arantxa Urretabizkaia, Ixiar Rozas eta Inazio Mujika idazleak eta Maria Jose Olaziregi literatur kritikoa. Epaimahaiak apirilaren 18an eman zuen epaia.

Komikiak eta bertsoak dira gehien aurkeztutako lanak; aurten 649 komiki eta 627 bertso aurkeztu dira. Beste bi ataletan berriz, 400 ipuin eta 36 olerki izan dira. Kategoriei dagokienean, C kategoriak izan du parte-hartzaile kopuru gehien, 10 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak, alegia.

Aurtengo edizioan 26 eskolek parte hartu dute: Aitor ikastola, Amara Berri ikastetxea, Amassorrain ikastola, Antigua-Luberri BHI, Axular Lizeoa, Easo Politeknikoa, Ekintza ikastola, Herri-Ametsa ikastola, Ibai ikastola, Ikasbide ikastola, Intxaurrondo Hegoa ikastetxea, Jakintza ikastola, La Salle ikastetxea, Lauaizeta ikastola, Manuel Larramendi ikastetxea, Maria Reina ikastola, Mariaren Bihotza ikastola, Orixe ikastola, Mundaiz ikastetxea, San Luis La Salle ikastetxea, Santa Maria Marianistas ikastetxea, Santo Tomas lizeoa, Usandizaga-Peñaflorida institutua, Xabier Zubiri-Manteo BHI, Zuhaizti ikastetxea eta Zurriola ikastola.

SARIAK

Guztira, sei kategorien artean 18 sari banatuko dira. Horien artetik, bost irabazle nagusi hautatu dira, kategoria batean epaimahaiak saria ez ematea erabaki baitu.

18 sarituentzat, bederatzi argazki kamera digital (A, B, C kategorientzat) eta bederatzi liburu elektroniko (D, E eta F kategorientzat) izango dira; bost sari irabazle nagusientzat izango dira (bi Ipod Touch eta hiru Ipad3); sari-emate ekitaldira doazen parte-hartzaile guztientzat karpeta bat eta bizkar poltsa bat izango dira.

Bestalde, lan saritu guztiak jasotzen dituen 32 orriko argitalpen bat banatuko da Donostiako eskola guztietan hurrengo astean, 10.000 ale guztira. Lehiaketa eta sari banaketari buruzko informazio guztia www.euskaraz.net web-orrian jarriko da.

Sariak banatzeko ekitaldian, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak argitaratzen duen www.auzoka.net webgunean antolaturiko Sorkuntza Bideo Lehiaketaren irabazleei ere sariak emango zaizkie. Lehiaketa honetan Donostiako ikastetxeetako LH5 eta 6 eta DBH 1 eta 2ko ikasleek bideo bat egin behar zuten beraien edozein abilezia erakutsiz. Guztira 27 bideo aurkeztu dira.

Contenido patrocinado