BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
DouleurDolor bikoteak irabazi du II. BBK Soinu Berriak lehiaketa, "epaimahaia konbentzitu" ondoren. Finala joan den astean erabaki zen, sei talde finalisten maketak entzun ostean, eta Nize eta Gugebato taldeak geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, "oso bozketa lehiatuaren ondoren", BBK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Horrela, Lezamako bikoteak irabazi du Bizkaiko talde eta artista berriak ezagutzeko asmoz BBK Salak bigarren urtez antolatu duen talde lehiaketa. Epaimahai espezializatuko kide izan dira Ruben Tena (Last Tour), Koldo Bilbao (BBK Fundazioa), Deu Txakartegi (lehiaketaren zuzendaria), Jon Agirrezabalaga (ekoizlea, El Tigre estudioak) eta Iker Barbara (Zarata-Mondosonoroko zuzendaria). Douler Dolor taldeari 189 puntu eman dizkiote, 180 Nize-ri eta 175 Gugebato-ri.
Gomez Selvak eta Mahokek osatzen dute DouleurDolor, 2019an osatutako bikotea. Bi musikariak Lezamakoak dira, baina ibilbide ezberdinekoak: Gomez artista bisuala da, eta Mahok musika ekoizlea. "Biek oso antzeko kezkak dituzte, eta, horren ondorioz, bidaia musikal paregabe bati ekin zioten, trap eta raparekin esperimentatuz eta pop, techno eta elektronikoaren eragina jasoz", azaldu dute antolatzaileek.
BBK Soinu Berriak lehiaketa zabalik egon da Bizkaian erroldaturiko edozein artistarentzat edo gutxienez Bizkaian bizi den kideren bat duten musika taldeentzat, betiere ez badute diskografiak ontraturik indarrean. Genero guztiak onartu dira.
Koronabirusak sortutako egoerak ez du BBKren ekimen hau bertan behera utzi, eta musikaren munduan lehen urratsak egiten ari diren gazteei aukera bat eskaintzen jarraitu nahi izan du, aurten emanaldiak antolatzeko murrizketak izan diren arren. Horrela, aurten ezin izan dira finalistak BBK Salan ikusi, baina joan den astean, finalera iritsitako sei taldeak ezagutu ahal izan zuten bizkaitarrek, sare sozialen bidez: Gugebato, Nize, Mi Buenaventura, Jean Paolo y la Siempreviva, Instituto de Vandalismo Público eta DouleurDolor.
Covid-19ak sortutako egoera gorabehera, lehen hiru sailkatuentzako sari nagusiak mantendu nahi izan ditu BBK-k. Horrenbestez, DouleurDolor, Soinu Berriak 2020ko talde irabazlea, BBK Live Festival edo BIME Live jaialdien hurrengo edizioan arituko da, egoerak horretarako aukera ematen duenean, eta Deustuko El Tigre estudioan lau kantako EP bat grabatuko du, zuzeneko batekin eta bideoklip batekin batera, Madiattack-en eskutik. Bigarren sailkatuak, Nize taldeak, EParen eta bideoaren grabazioa izango du sari, eta hirugarrenari, Gugebato taldeari, EParen grabazioa egokitu zaio.