BILBO, 9 (EUROPA PRESS)
Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15ean hasiko da, eta, abiatzearekin batera, dozenaka ekitaldi izango dira egun horretan Euskal Herri osoan zehar. Ekitaldi nagusiak Donostian, Iruñean, Getxon, Gasteizen, Bilbon eta Baionan izango dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Euskaraldiak maiatzaren 25era arte egingo da, 'Elkar mugituz egingo dugu' lelopean eta Euskal Herri osoko milaka lagunek euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute 11 egunetan.
"Belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute, eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira, han eta hemen. Belarriprestak eroso esango dio parean duenari berarekin euskaraz hitz egiteko, eta ahal duen guztietan berak ere euskaraz egingo du. Txapa jantzita ibiliko gara 11 egunetan, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko", esan dute.
Bada, Euskaraldia hasi dela ospatzeko, dozenaka ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko txoko askotan maiatzaren 15ean. Guztietan irakurriko da testu bateratu bat, eta denek batera jarriko dute Euskaraldiko txapa, 19:00etan.
Hortik aurrera, dantza, musika eta ikuskizunak izango dira Euskal Herriko hiri eta herrietan. Ekitaldi nagusiak Donostian, Iruñean, Getxon, Gasteizen, Bilbon eta Baionan izango dira.