Durangoko Azokak 1.000tik gora nobedade, 273 ekitaldi eta 285 erakusmahai izango ditu 60. edizioan

Durangoko Azokaren aurtengo egitaraua aurkeztu dute
DURANGOKO AZOKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 19 noviembre 2025 13:46

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokak 1.000tik gora nobedade, 273 ekitaldi eta 285 erakusmahai izango ditu abenduaren 5tik 8ra ospatuko duen 60. urteurrenean. Berritasunen artean, Berbagailua eta Atartea gune berriak izango dira eta gaueko ikuskizunak itzuliko dira aurten.

60. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute asteazken honetan Durangoko Museoan, azoka egunetan Atartea gune berria hartuko duen aretoan, hain zuzen ere.

Bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean ari diren arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia), Aitor Agiriano (Azoka Telebista) eta Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoa).

Horrela, Landako Gunean 285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaideren artean, eta 1.026 kultur nobedade egongo dira kulturzaleek hartzeko eta emateko; horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak izango dira. Lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira.

"Sortzen doazen adierazpen eta korronte berrietara moldatzen ari da euskal kultura, eta horren atzetik, euskarazko sorkuntza bultzatu eta hauspotzeko asmoz lanean dihardu Durangoko Azokak, esku artean dugun Kulturaren Jaialdi hau ahalik eta anitzena eta koloretsuena izan dadin", azaldu du Beñat Gaztelurrutiak.

60. urteurrenarekin batera, Durangoko Azokak zenbait berrikuntza sartu ditu, nahiz eta berrikuntza horiek ez dioten urteurren baten ospakizunari erantzuten, Azokak sei hamarkadetan zehar egindako ibilbidearen noranzkoari baizik, "ingurura moldatzen joan baita etengabe azoka, euskal kulturaren berritasunei egokitzen eta arte adierazpen berriak batzen".

Horregatik, aurten bi gune berri izango ditu Durangoko Azokak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza). Horrekin batera, aurten nobedade bezala, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du.

Hasteko, gauetako kontzertuak izango dira berriro: abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez eta 6an Mirua eta Naxker. Gainera, 6an Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da iluntzean.

Azkenik, abenduaren 7an izango dira Formol laborategiaren ikuskizuna, Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia eta 'Gaua' filmaren emanaldia Paul Urkijo zuzendaria bertan dela. Egitarau osoa durangokoazoka.eus webean kontsulta dezakete zaleek.

Contenido patrocinado