EAEko erakunde publikoek 91,6 milioi euro erabili zituzten iaz lankidetza eta elkartasun proiektuei laguntzeko

Archivo - Gaza
Hadi Daoud/APA Images via ZUMA P / DPA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 28 septiembre 2026 13:29

BILBO 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde publikoek 91.671.189 euro bideratu zituzten 2025ean garapenerako lankidetzako proiektuei laguntzera, eta diru horrekin 1.278 ekimen finantzatu zituzten, EAEn bertan ez ezik, beste 68 herrialdetan ere garatutakoak. Ekimen horiek 242 erakundek kudeatu zituzten, gehienak euskal GGKEak, eta lagundutako lurraldeetako 374 gizarte erakundek gauzatu zituzten, tokiko erakundeek batez ere.

Datu horiek guztiak 'Euskal Lankidetza Zenbakitan 2025' txostenean bildu dira, Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu dena. Erakundeen arteko tresna horrek aukera ematen du 2014az geroztik euskal lankidetza publikoaren eta elkartasunaren irismena ezagutzeko eta aztertzeko, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Eskualdeka aztertuta, Latinoamerikak eta Karibeak jaso zuten beste urte batez euskal lankidetza publikoaren funtsen zatirik handiena. Haien atzetik kokatu zen Saharaz hegoaldeko Afrika. Bi eremu horiek dira, beraz, euskal erakundeen jardun geografikoaren ardatz nagusiak.

Herrialdeei dagokienez, Guatemala, El Salvador, Kolonbia eta Peru izan ziren berriro ere euskal erakundeek bideratutako baliabideen hartzaile nagusietako batzuk. Palestinak ere toki nabarmena izan zuen, "euskal gizarteak palestinar herriarekin duen elkartasun konpromisoaren adierazgarri": lurralde horretara bideratutako funts gehienak ekintza humanitarioko eta larrialdietako proiektuen bidez kanalizatu zituzten; guztira, 2.288.400 euro.

Euskadin, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proiektuek 11.945.219 euro jaso zituzten, hau da, guztira erabilitako funtsen %13,03. Ekimen horien helburua da herritar kritikoak, solidarioak eta tokiko zein mundu mailako erronkei lotutakoak sustatzea. Arlo horretan, prestakuntza (%40,18) eta sentsibilizazioa (%33,74) izan ziren esku hartzeko estrategia nagusiak, hezkuntza ez-formaleko eremuetan garatutako jardueren presentzia bereziki handiarekin.

Garapenerako lankidetza izan zen, beste behin, euskal erakunde publikoen jarduera lerro nagusia, erabilitako funts guztien %61,57, hain zuzen ere. Ondoren, ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa (%18,01) eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Euskadin (%13,03) zeuden.

"Datuok erakusten dute euskal erakunde publikoek konpromiso sendoari eusten diotela garapen jasangarriko prozesuak laguntzeko, eskubideen defentsa indartzeko, bakea eraikitzeko eta krisi humanitarioek gogor jotako herritarrei babesa emateko", Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez.

2030 AGENDA

Txostenak euskal lankidetza publikoak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egiten dion ekarpena ere aztertu du. Horrela, iaz finantzatutako proiektuen artean, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) egindako ekarpenik handienak 5. GJHra bideratu da, genero berdintasunekora (%30,92), eta ondoren 16.era, bakeari justizia eta erakunde sendoei (%18,02) eskainitakora, eta 2.era, goserik ezari (%8,71) eskainitakora.

"Emaitza horiek berresten dute euskal lankidetza publikoak giza eskubideen defentsa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gizarte baketsuen eraikuntza eta desberdinkeriaren nahiz elikadura segurtasunik ezaren aurkako borroka dituela lehentasun", adierazi dute.

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria hainbat erakunderen arteko ekimena da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek, Zarauzko Udalak eta Euskal Fondoa Euskadiko Tokiko Erakunde Lankideen Elkarteak. Ekimenak EHUko Hegoa Institutuaren laguntza eta aholkularitza ditu.

Tresna horri esker, bederatzi erakunde horiek 2014az geroztik sustatutako elkartasun ekimenen berri izan daiteke. Izan ere, erakunde horiek dira garapenerako lankidetzara, ekintza humanitariora eta larrialdietara nahiz gizarte eraldaketarako hezkuntzara baliabide gehien bideratzen dituztenak.

2018an aurkeztu zen jendaurrean Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria. Gardentasuna sustatzeko eta Euskaditik egiten den lankidetza eta elkartasuna koordinatzen eta bateratzen laguntzeko sortu zen. Era berean, arlo horretako ikerketarako eta azterketarako tresna ere bada.

Webguneak lankidetzara baliabideak bideratzen dituzten euskal erakunde publiko nagusien inguruko informazioa eskaintzen du, urtez urte, lurraldeka, erakundeka eta GGKEka antolatuta. Horrez gain, Euskadiko elkartasun publikoaren jarduna osotasunean ulertzen laguntzen duten grafikoak, datu bisualak eta analisiak ere biltzen ditu.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado