BILBO, 27 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioen prezioak %1,7 igo dira 2024ko laugarren hiruhilekoan aurrekoaren aldean, eta %2,3 aurreko urteko hiruhileko berarekin aldratzen badira. Inportazioen prezioek, berriz, %2,0 jaitsi dira 2024ko hirugarren hiruhilekoaren aldean eta %0,5 urte batetik bestera, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Zehazkiago, esportazio energetikoen prezioek %1,4 egin dute gora aurreko hiruhilekoaren aldean, eta ez-energetikoenek %1,8. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, ondasun energetikoen prezioak %7,1 igo dira, eta ez-energetikoenak %2,1.
Inportazioen kasuan, produktu energetikoen prezioen indizeak atzera egin du, hala urte arteko tasan (-%9,0), nola aurreko hiruhilekoaren aldean (-%9,3). Ondasun ez-energetikoak, aldiz, %3,3 hazi dira urte arteko tasan eta %1,7 aurreko hiruhilekoaren aldean.
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari begiratuta, eta 2024ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, kapital ondasunen (%3,2), kontsumo ondasunen (%1,4) eta bitarteko ondasunen (%1,2) hazkundeak nabarmendu dira. Aurreko urtearen aldean joerak ere mantendu egin dira, eta kapital ondasunak %4,7, bitarteko ondasunak %1,6 eta kontsumo ondasunak %1,4 igo dira.
Azterketa inportazioetara bideratuz, kontsumo ondasunetan eta kapital ondasunetan hazkundeak izan dira urte artean zein hiruhileko artekoan. Kontsumo ondasunen hazkundea handiagoa izan da lehenengo kasuan (%8,6), eta kapital ondasunena bigarrenean (%3,8); bitarteko ondasunek, berriz, bietan egin dute atzera, %1,7 eta %2,8, hurrenez hurren.
Esportazioen xede diren eremu ekonomikoak kontuan hartuta, prezioek goranzko joera izan dute 2024ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, urtetik urterako alderaketan baino txikiagoa izan arren. Hain zuzen, Eurogunean igoera %2,4koa izan da, EBn %2,5ekoa eta ELGAn %2,2koa; munduko gainerako lekuetan, berriz, prezioek %0,9 egin dute atzera. Aurreko urtearekin alderatuta, prezioak Eurogunean %4,4 igo dira, EBn %3,3, ELGAn %1,6 eta munduko gainerako lekuetan %6,8.
Inportazioei dagokienez, arlo ekonomiko guztietan atzerakadak izan dira aurreko hiruhilekoaren aldean, Eurogunea nabarmenduz (-%3,1). Urte arteko alderaketan, Euroguneko prezioak %1,2 igo dira, munduko gainerako lekuetan %1,1 jaitsi, eta beste bi eremuak egonkor mantendu dira.