EAEko hamar gaztetik zortzik uste dute bizitzan zehar pertsona batek aukera sexuala alda dezakeela

Gazteak eta sexu aukerak aztertu ditu Gazteen Euskal Behatokiak
Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 junio 2016 11:17

BILBO, 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hamar gaztetik zortzik uste dute bizitzan zehar pertsona batek aukera sexuala alda dezakeela, eta gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren eta sexu aldaketaren alde daude, Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera.

Ekainaren 28an LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak gaiari buruzko datu batzuk ezagutarazi ditu ostiral honetan. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko lehen hiruhilekoan eginiko azken ikerketatik datoz. Ikerketa horretan EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazte elkarrizketatu ziren.

Horrela, 2016ko ikerketaren arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek uste dute pertsona batek bere bizitzan zehar aukera sexuala aldatu ahal duela eta harremanak izan gizonekin zein emakumeekin (hori uste dute %83k). Ideia horrekin ados daudenak nabarmen gehitu dira 2012tik 2016ra, duela lau urte %65 baitziren.

Bestalde, joan zen maiatzaren 17an Gazteen Euskal Behatokiak aurreratu zuen moduan (Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna zela eta) gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde agertu dira (%91), bai eta sexu aldaketaren aldekoak ere (%86). Bi iritzi horiek hedatuago daude orain, 2008an (%86 eta %78, hurrenez hurren) edota 2012an (%87 eta %81) baino.

Aztertutako hiru ideia horiei buruz gizon eta emakume gazteek dituzten iritziak aztertu ondoren, Gazteen Euskal Behatokiak ondorioztatu du identitate sexualari buruzko jarrera irekiagoa dela emakume gazteen artean, gizon gazteen artean baino.

Aurkeztutako datuak "Euskadiko gazteak" izeneko txostenen bildumatik datoz. Txosten horiek lau urtean behin burutzen ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Ostiral honetan aurkezturiko 2016ko datuak "Euskadiko gazteak 2016" txostenari dagozkio. Txosten hori lantzen ari da eta oraindik argitaratu gabe dago.

Contenido patrocinado