ECTS kredituen %95 ematen dira euskaraz Euskal Herriko Unibertsitatean

Archivo - Ikasleak EHUko Leioako campusean.
MITXI MITXIFOTOGRAFO@GMAIL.COM - Archivo
Actualizado: lunes, 20 noviembre 2023 13:47

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

ECTS (European Credit Transfer System) kredituen %95 euskaraz ematen dira gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), duela hamarkada bat, Boloniako prozesua abian jarri zenean, %75 zirenean. Gainera, graduko ikasleen %54 matrikulatu dira euskaraz 2023-2024ko ikasturtean.

Hala jakinarazi dute astelehen honetan Eva Ferreira errektoreak, Junkal Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Itziar Laka Euskara Sustatzeko zuzendariak euskal unibertsitate publikoan euskarak izan duen garapenari buruzko informazioa emateko Bilbon egindako agerraldian.

Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren testuinguruan egindako aurkezpenak lau atal izan ditu: euskararen bilakaera graduko eta graduondoko ikasketetan, unibertsitateko langileen euskalduntzea, argitalpenen eta material didaktikoaren ekoizpena eta euskararen erabileraren sustapena unibertsitateko bizitza sozialean.

Lehenengo atalean, EHUko arduradunek aurrerapen esanguratsuen berri eman dute. Horrela, duela hamarkada bat, Boloniako prozesua abiatu zenean, ECTS kredituen %75 ematen ziren euskaraz, eta gaur egun, aldiz, %95 dira. Halaber, ikasturte honetan ,graduko ikasleen %54 matrikulatu dira euskaraz.

Gaur egun, gradu amaierako lanen %41 euskaraz egiten dira, eta orain hamar urte %34 ziren. Graduondoko ikasketei dagokienez, 2013. urtean kredituen %18 ematen ziren euskaraz, eta 2023an, aldiz, %25. Ikasleen %23 matrikulatzen dira euskaraz graduondoko ikasketetan, eta orain dela hamar urte master amaierako lanen %13 egiten baziren euskaraz, egun %29 egiten dira.

Euskaraz egiten diren tesi guztien %90 EHUn egiten dira eta, kontuan hartuz gero Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egiten direnak, portzentaje hori %93ra heltzen da. Gainera, EHUn euskaraz egiten diren tesien erdiak baino gehiagok nazioarteko aipamena daukate.

Langileen euskalduntzeari dagokionez, 2010ean irakasle-ikertzaileen lanpostuen %45 ziren elebidunak, eta 2023an, berriz, %66 dira. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan ere aurrerapena handia izan da: 2010ean langileen %29 ziren elebidunak, eta 2022n, berriz, %42.

ARGITALPENAK

Bestalde, argitalpenen eta material didaktikoen ekoizpenaren barruan, EHUk arlo horretan egin duen "ahalegin handiaren" berri eman dute unibersitateko arduradunek. Ahalegin horrek, zifra absolutuez gain, gogoeta berezia merezi duela adierazi dute: euskal unibertsitate publikoak argitalpen zientifiko eta material didaktiko
asko ekoizten du, eta ekoizpen hori, unibertsitatean bertan erabiltzeaz gain, hezkuntzako beste maila batzuetan, beste unibertsitate batzuetan eta erakunde akademikoetan ere erabiltzen da.

Modu honetan, EHU da euskarazko argitalpen akademikorik gehien ekoitzi eta argitaratzen dituen eragilea gaur egun; 2022. urtean, esaterako, 1.048 argitalpen izan ziren.

Beste atal garrantzitsu bat artikulu zientifikoena da: egun, 2.203 dira euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak, EHUn egindako ikerketen emaitza direnak.

Halaber, euskarazko argitalpenen corpusa mota askotako hiztegiekin osatzen da, besteak beste, 'Egungo Euskararen Hiztegia' moduko lan enblematikoak, edota erizaintzarekin, sexologiarekin edo zuzenbidearekin lotutako hiztegi tematikoak.

BIZITZA SOZIALA

Azkenik, unibertsitateko bizitza sozialean euskararen erabilera sustatzeko atalaren barruan, 'Aktibatu' eta antzeko programen garapenaren berri eman dute, bai eta 'Unikoak' edo 'Euskal Game Jam' bezalako deialdiei lotutako ekintzen berri ere, urtero egiten direnak euskararen erabilera bultzatzeko asmoz.

Atal honetan beste ekintza garrantzitsu bat Euskalit erakundeak kudeatzen duen Bikain ziurtagiria da, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen baititu. Hasieran, enpresa munduari zuzenduta zegoen, baina 2015ean administrazio publikora zabaldu zen. Orduz geroztik, EHUk urtero hartu du parte deialdian, eta gaur egun, euskal unibertsitate publikoko zortzi fakultate eta eskolek dute egiaztagiri hori.

Halaber, euskal hizkuntzari eta kulturari lotutako unibertsitate katedren sorrera (Jose Migel Barandiaran eta Gabriel Aresti katedrak) eta Kultura Zientifikoko Katedrak 3.620 artikulu eta 238 bideo zientifiko euskaraz argitaratuta egin duen dibulgazio lana nabarmendu dituzte.

"GARRANTZI HANDIKO ERAGILEA"

Eva Ferreirak ziurtatu duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatea garrantzi handiko eragilea da euskarak azken hamarkadetan izan duen aurrerapen sozial eta akademikoan. EHU gabe, ezin izango litzateke azaldu euskararen garapena hizkuntza zientifiko bezala, ezta euskararen hedapena hezkuntza, osasuna, ekonomia, zuzenbidea eta kazetaritza moduko gizarte eremuetan ere".

"Gure unibertsitateak euskararekiko konpromiso sendoa hartu zuen bere sorreratik eta konpromiso horrek emaitza onak ekarri ditu; orain ezagutzaren mugan garatzen ari da, hizkuntza teknologiaren sarea sendotuz, euskararen presentzia areagotzeko eremu digitalean, eta hizkuntzaren erabilera ikertuz adimen artifiziala bezalako eremu berritzaileetan", azaldu du.