BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Amagoia Mujika 'Berria' egunkariko zuzendariak bi erakundeen arteko datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena izenpetu dute asteazken honetan, edukien ezagutza sustatzeko eta zorroztasuna bermatzeko asmoz.
Gainera, Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, bere jardueren eta proiektuen garapenaren eta emaitzen inguruan sakon informatuko du euskarazko egunkariak, eta sakoneko elkarrizketak edo iritzi artikuluak koordinatuko dira indarrean dauden proiektuen inguruko bilakaeraz berri emateko.
Bi erakundeek Euskal Herriarekiko duten konpromisoari eutsita, elkarlan eta koordinazio estuan arituko dira Eusko Ikaskuntzak bere bazkideen artean gai zehatzen inguruan lagun dezaketen adituak identifikatzeko eta euren ezagutzari plaza emateko.
Azkenik, hitzarmenaren eranskinean zehaztu denez, 2024rako aurreikusita dagoen Eusko Ikaskuntzaren XIX. Biltzarrari estaldura emango zaio 'Berria' egunkarian, egokitzat jotzen den formatuan.
Eusko Ikaskuntzarentzat, Berria Taldea bere jardueraren sozializaziorako estrategikoak diren eragileetako bat da. Izan ere, bi erakundeek "arnas luzeko kalitatezko informazioaren alde lan egiten dute, bata aktualitatearen irakurketa kritiko batetik eta besteak euskal gizartearen beharretatik sortutako proiektu estrategikoen lanketarekin". Horrela ulertuta, lankidetzan aritzea "naturalki" sortu da eta egonkortzearen bidean jarri da hitzarmenaren bidez.