'Egoera geopolitikoek enpresa sektorean duten eragina' izango da aztergai hurrengo Etekin topaketan

Archivo - Etekin topaketen aurkezpena
GOBIERNO VASCO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 junio 2025 10:36

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Etekin ekonomia topaketen 2025eko edizioko bigarren saioa egingo da ekainaren 18an Gasteizen, eta, 'Egoera geopolitikoek enpresa sektorean duten eragina' izenburupean, geopolitika, enpresa eta ziurgabetasun testuingurua aztertuko da.

Hain zuzen, Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak, Ekhi Atutxa Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Leire Mancisidor Stellum Capital-eko Inbertsio zuzendariak parte hartuko dute solasaldian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinarazi duenez, finantza entitateekin lankidetzan antolatu duen egitasmoa da Etekin, eta bere helburuak dira ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatzea eta harremanetarako bilgune bat sortzea.

Hala, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko ordezkariekin batera, Bankoa Abanca, CaixaBank, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa erakunde antolatzaileetako ordezkariak bertaratuko dira.

Hurrengo saioari dagokionez, Gasteizko Goiuri jauregian izango da, 09:00etan hasita, 'Egoera geopolitikoek enpresa sektorean duten eragina' izenburupean.

Etekin ekonomia topaketek finantza eta ekonomia arloko sareak sendotzea bilatzen dute eta gaian interesa duen edonori irekita daude. Eusko Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria ekimenak.

Contenido patrocinado