BILBO 28 Ene. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteazken honetan, urtarrilaren 28an, giro lasaiagoa baina hotza izango dugu. Hasieran erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira nagusi eta euria egiteko probabilitatea txikia izango da. Eguerdian behe-hodei trinkoagoak agertuko dira eta euritara joko du, oro har, euri txikia. Arratsalde-gau partean atertuz joango da.
Egunaren hasieran elur-kota 1.000 metro inguruan egongo da; gero igotzen joan eta amaieran 1.300-1.400 metro inguruan egon daiteke. Hego-haize bizia ibiliko da, arratsaldean kostaldean mendebaldetik joko du.
Tenperaturak behera egingo du eta negu-giroa gailenduko da. Hiriburuetan, Baionan 5 gradu espero dira gutxienez eta 13 gehienez, Bilbon 6 gutxienez eta 10 gehienez, Donostian 5 gutxienez eta 10 gehienez, Gasteizen 1 gutxienez eta 6 gehienez eta Iruñean 1 gutxienez eta 8 gehienez.
Itsasbazterrean hego-osagaiko haizea ibiliko da 4ko indarrarekin eta 5eko tarteekin, eta arratsaldean tarteka mendebaldekoa 4koarekin; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, eta arratsaldean itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgora 12:28an izango da, eta itsasbehereak 05:55ean eta 18:31ean. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena bat eta lau kilometro artekoa izango da.