BILBO 20 May. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere tomografo konputarizatua aurkeztu du astelehen honetan. Ekipamendu berria Europar Batasunak finantzatu du 1,5 milioi eurorekin, eta unibertsitateko kideek zein euskal sistema zientifikoko beste eragile batzuek erabiliko dute.
Leioako campuseko Martina Casiano eraikinean egin den ekitaldian aurkeztu dute gailu berria Eva Ferreira errektoreak, Inma Arostegui Ikerketako errektoreordeak, Itziar Alkorta Calvo Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako zuzendariak eta Leire Sanfelices eta Aitor Larrañaga ekipamenduaren teknikari arduradunak.
EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek kudeatuko dute tresna berria, eta erabili ahal izango dute bai unibertsitateko kideek bai beste eragile zientifiko-teknologiko publiko zein pribatu batzuek.
Ferreirak azpimarratu du ekipamendu berria oso garrantzitsua dela lehen mailako ikerketa indartzeko. Bere hitzetan, "unibertsitate baten bikaintasuna oinarritzen da haren giza kapitalean, baina baita ekipamenduan ere. Tomografo honi esker, EHUko ikertaldeek eta euskal industria sareko eragile publiko zein pribatuek tresna aparta izango dute beren proiektuak garatzeko".
"Abangoardiako ikerketak abangoardiako ekipamendua eskatzen du. Horregatik, gaur oso urrats garrantzitsua egin dugu, beharrezko azpiegitura bat martxan jarrita, ezagutzaren adar guztietarako balioko duena", gaineratu du.
Tomografia konputarizatu bat da objektu baten X-izpien erradiografia multzo bat, hainbat ikuspegitatik lorturiko eta ordenagailu programa baten bidez mihiztatzen diren erradiografiak hiru dimentsioko irudi bat lortzeko. Ondoren, irudi hori manipulatu daiteke, behar den informazio guztia ateratzeko.Beraz, teknika ez-inbaditzaile bat da, aukera ematen duena grafiko ki behatu eta sekzionatzeko objektu baten barnealdea, hura zatitu behar izan gabe.
Eskakizun teknikoak sinpleak dira kontzeptualki: X-izpien iturria, tomografiatu beharreko objektua orientatzeko sistema eta irudiak jasotzeko detektagailua. Ondoren, ordenagailu programa batek berreraikitzen du hiru dimentsioko irudi bakar bat, lortutako erradiografien tratamendu sofistikatu baten bidez. Horretarako, prestazio handiko ordenagailuak behar dira, kalkuluak egiteko hainbat gigabyteko datu multzoak erabilita.
DIZIPLINA ANITZEKOA
Ezaugarri horiek guztiek tresna berria diziplina anitzeko ekipamendu egiten dute, aplikazio ugarirekin: zaharberritze artistikoa, ikerketa biomedikoa, zuntzen eta porositatearen analisia, pieza metaliko edo hibrido manufakturatuen azterketak, materialen fisika eta abar.
Bereizmen handia da ekipamenduaren balio erantsia, kasurik onenean 0,4 mikrometroko xehetasunak detekta ditzakeelako. Horrek esan nahi du jauzi kuantitatibo handia egin dela aurreko ekipamenduekin alderatuta: 500 aldiz handiagoa da bereizmena industriaren arloan, eta 2.000 aldiz handiagoa alor biomedikoan. Horrela, ekipo berri honen potentzialtasunak aukera ematen du mugako ikerketa egiteko.
Ekipoaren kalitatea oso garrantzitsua bada ere, datuen tratamendua da sistemaren funtsezko ataletako bat. Ondorioz, erabili beharreko ingurune informatikoaren prezioa gehiegizkoa izan daiteke ikertalde edo enpresa askorentzat. EHUko X Izpien Zerbitzu Orokorrak (Molekula eta Materialen Unitatea) lan estazioak ditu, eta lorturiko informazioa tratatu dezakete hor erabiltzaileek.
Azpiegitura berriak 1.500.000 euroko kostua izan du (Europar Batasunak finantzatua eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak arautua, 2021eko ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko deialdian), eta unibertsitate Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretan sartu da. Ia urtebete iraun zuen hautaketa prozesuari gehitu behar zaio lokala egokitzeko erabili den denbora (ekipoak zortzu tona baino gehiago pisatzen du). Nolanahi ere, dagoeneko erabat operatibo dago.