EHUk 'Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak' sareratu du

Ezkerretik eskuinera: Beatriz Fernandez, Patxi Goenaga, Eva Ferreira, Itziar San Martin eta Miren Azkarate
MITXI / UPV/EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 abril 2023 12:55

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 'Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak' (EGEO) lana sareratu du. Patxi Goenaga euskaltzain oso eta EHUko katedradun ohiaren lana da, eta unibertsitate publikoaren web orrian dago eskuragarri jada.

Egitasmoaren aurkezpena ostegun honetan egin da, Bilbon, eta Eva Ferreira EHUko errektoreak, Patxi Goenaga lanaren egileak, Itziar San Martin EHUko Euskara Institutuko zuzendaria, Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Beatriz Fernandez EHUko ikertzaile eta gramatikaren editoreak parte hartu dute.

Bada, azaldu dutenez, aurrerantzean, "lan luze baten emaitza" den gramatika hori, "karrera akademiko baten laburpena nolabait", EHUren Euskara Institutuaren web orrian egongo da eskuragarri. Proiektuaren babesleak Euskara Institutua, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza izan dira.

Ferreirak eskerrak eman dizkie Patxi Goenagari, "obra honetan egin duen lan bikainagatik", zeregin horretan lagundu dieten pertsona guztiei, eta Euskara Institutuari ekimenaren alde egiteagatik.

"Hemendik aurrera, interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Gramatika honek berebiziko garrantzia du euskal gramatika ikasketen barruan, eta berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin hartu duen konpromisoaren beste pausu bat da. Euskara indartzeko eta garatzeko gure unibertsitatea ez dago bakarrik baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrienetako bat da eta jarraituko du izaten etorkizunean ere", esan du.

Goenagak azaldu duenez, osagaiak deskribatu nahi dituen gramatika da EGEO, eta, hain zuzen, osagai horiek dira lanaren kapituluei izena ematen dietenak: 'Perpausa', 'Izena eta izen sintagma', 'Adjektiboa eta adjektibo sintagma', 'Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma', 'Determinatzailea eta determinatzaile sintagma', 'Izen predikatua', 'Egiturazko kasuak', 'Aposizioak', 'Aditza eta aditz sintagma' eta 'Aditz Inflexioa'.

Lana bereziki lagungarria izan daiteke euskal gramatikan trebatzen hasi diren unibertsitateko ikasleentzat, eta ikasle horiek belaunaldi berrietakoak direnez, hots, teknologia digitala, Internet eta sare sozialak oso umetatik ezagutzen dituztenez, "EGEO eskura izatea sakelako telefonoan (edo bestelako gailuetan), eurengana hurreratzeko estrategia aproposa delakoan gaude".

Beste alde batetik, gramatikagintzan eskarmentua duten hizkuntzalariek ere irakasteko lanabes gisa balia lezakete EGEO, edo besterik gabe Goenagarekin tarteka sintaxiari buruzko balizko elkarrizketa bat izateko.

EGEO da Sareko Euskal Gramatikarekin batera sarean dauden euskal gramatika bietako bat, eta biak argitaratu dira EHUko Euskara Institutuaren babespean. Itziar Lakaren 'Basque Grammar' ere badago, ingelesezkoa, Euskara Institutuaren webgunean eskura hori ere.

Contenido patrocinado