BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak graduen eskaintza aberastu du 2025-2026 ikasturterako gizarteko erronkekin bat datozen irakaskuntza metodologiekin. Horrela, eskaintza "finkatua, zabala eta askotarikoa" aurkeztu du, eta ikasleek 107 aukera izango dituzte graduko ikasketak egiteko jakintza arlo guztietan.
Laura Vozmediano Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreordeak adierazi duenez, "nabarmendu behar da lehen mailako prestakuntzaren aldeko apustua egin dugula, nazioarteko begirada oinarri hartuta, eta, era berean, gure lurraldeak ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloan dituen erronka handiei aurre egiteko gai izango diren profesionalak prestatzeko asmo argiarekin. Horren emaitza dugu euskal gizartean harrera oso ona izan duen eskaintza zabala".
Ildo horretan, EHUk finkatuta dauka gradu bikoitzen eskaintza, eta, guztira, 15 titulazio bikoitz ditu. Horietako bat Business + Economics da (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Sarrikoko egoitza), ingelesez irakasten dena osorik, Biomedical Engenieering gradu bikoitza bezala (Bilboko Ingeniaritza Eskola).
Halaber, hainbat gradu hirueledun daude: Lehen Hezkuntza (Bilboko Hezkuntza Fakultatea eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatea), Haur Hezkuntza (Bilboko Hezkuntza Fakultatea) eta Logopedia (Psikologia Fakultatea).
Gainera, EHUk aukera ematen die ikasleei urtero atzerrian ikasteko eta esperientzia aberasteko, 'Erasmus+', 'Latinoamerika' eta 'Beste norako batzuk' programen, iraupen laburreko ikastaro trinkoen edo ikasketa eta praktiketarako mugikortasun luzeen bidez. Atzerriko herrialdeen eta hirien aukera zabalduz doa eta, oraingoan, Hegoafrika, Kenya eta Indonesia ere aukeran daude, Toronto, Boston eta Rio de Janeiro hiriak bezala.
Bestalde, ingurune profesionaletako prestakuntza modalitateak ere daude ikasleen esku hainbat erakunde eta enpresatan. Alde batetik, curriculumeko edo curriculumetik kanpoko praktikek aukera ematen dute prestakuntzaren zati bat lan inguruan egiteko (13.000 baino gehiago urtero).
Beste alde batetik, gero eta ezagunagoa den prestakuntza dualak aukera ematen du unibertsitatean ikasteko eta aldi berean enpresa batean ordaindutako jarduera profesionala egiteko. Prestakuntza dualeko eskaintza zabalduz doa eta dagoeneko 16 daude aukeran, horietako bi nazioartekoak (Gasteizko Ingeniaritza Eskola).
Era berean, ikasleak erakunde edo enpresaren batean egin dezake Gradu Amaierako Lana. Lankidetza horien kopuruak gora egiten du ikasturtez ikasturte, Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuei eta Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea gelei esker.
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZA
Graduko prestakuntzan gero eta presentzia handiagoa dute irakaskuntza-ikaskuntza metodologia berritzaileenek, betiere gizartearen benetako erronkekin lotuta. Adibidez, Formula Student Bizkaia hezkuntza berrikuntzako proiektuak emaitza bikainak lortu ditu, eta horren ondorioz hautazko irakasgaien ibilbide berri sortu da. Hartara, maila desberdinetako ikasleek monoplaza elektriko bat diseinatu eta eraikitzen dute, proiektu hori ikasteko bide dutelarik.
Beste berrikuntza bat zerbitzuen bidezko ikasketa (I-Z) da: komunitatean egindako jardueren bidez ikasteko aukera. Halaber, Odontologia Klinikak Lanbide Heziketarekin batera egindako proiektua dago, eta horren bidez, Odontologiako Graduko eta Ahoaren eta Hortzen Higieneko Goi Mailako Prestakuntza Zikloko ikasleek prestakuntza hartzen dute klinikako pazienteak artatzen dituzten bitartean, klinika bereziki kolektibo kalteberen arretara bideratuta egonik.
Hain zuzen ere, datorren ikasturterako beste berrikuntza EHUren eta Lanbide Heziketaren arteko lankidetzatik sortu da: 2+3 LH + EHU prestakuntza ibilbideak. Horien bidez, bost urtean Lanbide Heziketako goi mailako gradua eta hari lotutako unibertsitate gradu bat egin dezake ikasleak. Elgoibarko Ingeniaritza Dualeko Eskolan bazegoen lehendik eskaintza hori, eta goi mailako 3 prestakuntza ziklo Berrikuntzako Ingeniaritza Graduarekin uztartu daitezke.
2025-2026 ikasturtean, Informatika Fakultatearen proiektu pilotu bat gehituko zaio Elgobarko ikastegiko eskaintzari, eta, lehen aldiz, Web Aplikazioen Garapeneko zikloa, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapeneko zikloa eta Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko zikloa Informatikako Graduarekin lotu ahal izango dira, eta horrela, LH+EHU hiru ibilbide berri eskainiko dira.
"Apustu berritzaile horrek profil profesional berriak sortuko ditu, oso sendoak maila desberdinetan, eta enplegagarritasun potentzial oso handiarekin", azaldu du errektoreordeak.
EHUAZOKA
EHUk EHUazoka Unibertsitate Orientazio Azoka antolatu du beste behin datorren ikasturterako graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutarazteko eta banako informazioa emateko. Gainera, EHUn onartua izateko eta sartzeko prozedurari buruzko informazioa eskuratu ahal izango da. Azoka urtarrilaren 25ean egingo da Gipuzkoako campusean, otsailaren 1ean Arabakoan eta otsailaren 8an Bizkaikoan.
Hiru egunotan, fakultate eta eskola guztietako irakasleak egongo dira standetan eta arreta pertsonalizatua eskainiko diete unibertsitatera etortzeko asmoa daukaten ikasleei. Gainera, informazio saioak egingo dira.
Standetan informazioa eskatzeko ez da beharrezkoa hitzordurik, baina informazio saioetara joateko aldez aurretik izena eman behar da, eta epea azoka egunaren aurreko astelehenean irekiko da, 09:00etan, eta aste osoan egongo da zabalik: Gipuzkoan, urtarrilaren 20tik 24ra; Araban, urtarrilaren 27tik 31ra; Bizkaian, otsailaren 3tik 7ra. Edonala ere, epea aste osokoa izan arren, informazio saio bakoitzeko plazak agortzen direnean itxiko da.