EHUko Medikuntzako 24 urteko gaduatu batek bere lehen ikerketa aurkeztu du ASCO GU25 nazioarteko biltzarrean

Maitane Alonso Monasterio
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 23 mayo 2025 13:24

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntzan graduatu berri den 24 urteko Maite Alonso Monasteriok bere lehenbiziko ikerketa aurkeztu du San Franciscon (AEB) egin den American Society of Clinical Oncology GU25 onkologia genitourinarioko nazioarteko topaketarik entzutsuenean.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Alonso Monasteriok umetatik egin du amets kalterik egingo ez duen kimioterapia bat asmatzearekin, eta karreran ulertu zuen pertsonak zaintzea izan dela beti bere benetako irrika. Gaur egun, bere zientzialari bokazioa emaitzetan mamitu da. Horrela, bere ibilbidea berezia da merezimendu akademikoagatik eta jakiteko grina hori bizimodu bihurtu duelako eta hainbat oztopo gainditu dituelako horrela.

"Etxean beti esaten dute onkologian jardun nahi izan nuela hitz hori zelan idazten den jakin aurretik", adierazi du Maitane Alonso Monasteriok.

Bada, amets hori are errealago bihurtu da aurten, prostatako minbizi metastasikoaren aldaki germinalei buruzko nere lana aukeratu dutenean milaka lanen artetik San Franciscon aurkezteko, arloko nazioarteko erreferenteekin batera.

Hasieran gradu amaierako lana izan zen -'Prostratako minbizi aurreratua: profil genetiko germinalaren eta eboluzio klinikoan duen inpaktuaren karakterizazioa Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zenbait kasutan'-, baina gero "etorkizun oparoko ikerketa" bihurtu da, ustekabeko datu bat azaleratu baitzen Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko zerbitzuan baloratutako zenbait pazienteren atzera begirako analisian.

Hain zuzen, orain arte pentsatzen zen birkonbinazio homologoko geneen alterazio genetiko germinalek ez zeukatela eraginik gaixotasunean, baina, EHUko graduatuaren ikerlanari esker frogatu da alterazio horiek mugatu egin lezaketela pazienteen biziraupena.

"Tradizionalki pentsatu izan da alterazio genetiko horiek onberak izango direla seguruenik, baina gertuagotik aztertzen hasi beharko ginateke beharbada", azaldu du Alonso Monsteriok.

Ildo horretan, esplorazio azterlan bat den arren, oinarri sendoak ezarri ditu etorkizuneko ikerketarako eta balizko aplikazio klinikoetarako.

ERRONKA

Proiektuak hilabeteetako lana dauka atzean, eta aurre egin behar izan zion erronka handi bati, ikerlana biltzarrean behin onarturik, Maitane Alonsok ezusteko arazo bat aurkitu baitzuen: ez zituen betetzen finantzaketa beka eskatzeko baldintzak, laguntza horietako asko pentsatuak baitaude aurreragoko etapetako profesionalentzat, adibidez, mediku egoiliarrentzat. "Nire urrezko aukera zen, baina ez neukan joateko baliabiderik", gogoratu du.

Azkenean, bere familiaren ahaleginari esker, AEBetara bidaia ordaindu eta esperientzia hori bizi ahal izan zuen. "Hau ez litzateke familiaren poltsikoaren mende egon behar. Denek ez daukate halako laguntzarik, eta apasionatzen zaituen horretan murgildu ahal izatea ez litzateke zorte kontu bat izan behar", gaineratu du.

Aitorpen akademikotik harago, Alonso Monasteriok ikertzaile gazte askok aurkitzen duen errealitatea nabarmendu nahi izan du: "Funtsezkoa da gazte ikertzaileei sostengua ematea. Talentuei ez zaie soka batez heldu behar ihes egin ez dezaten, baliabideak eman behar zaizkie, berton geratzea erabaki dezaten".

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado