EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak "Behe tenperaturako energia geotermikoa" hitzaldi-zikloa antolatu du

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 22 octubre 2010 13:09

BILBO 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak "Behe tenperaturako energia geotermikoa" izenburuko hitzaldi-zikloa antolatu du. Mineralogia eta Petrologia Sailak prestatutako sei orduko iraupeneko zikloa geologoei, ingeniariei, ingurumen-zientzietako lizentziadunei eta arkitektoei zuzenduta dago. Hitzaldiak urriaren 27an eta azaroaren 3an, 10ean eta 17an emango dira, Leioako campuseko 2.5 ikasgelan, 12:00etan hasita, antolakuntzak adierazi duenez.

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko zientzialariek behe tenperaturako energia geotermikoari bota diote begia ordezko energia iturri berriztagarri eta agorrezin gisa. Horri lotuta irregulartasun termikoak gertatzen direlako topikoetatik urrunduta (esaterako, Islandian edo Kanariar Uharteetan energia geotermiko bolkanikoa erabiltzean), sektore honetan garatutako tekniken aurrerapenak bideragarri egiten du Euskal Herrian lurraren sakontasunetik lortutako berotasuna ustiatzea berotze nahiz hozte sistemetarako; dagoeneko badira lanean ari diren instalazioen adibideak.

Azken urteotan, eta ikerketari eta aurrerapen teknologikoari esker, lurraren berotasunaren ustiapena gorantz doa etengabe. Behe tenperaturako energia geotermikoa -etxeko lorategian, 60 zentimetroko sakoneran aurki daitekeena- erabil dadin bultzatzeko gero eta interes handiagoa egotearen arrazoia da ura berotzeko eta berotze eta hozte sistemak hornitzeko aprobetxa daitekeela.

Aparkaleku, zubi edo trenbide instalazioetako izotza edo elurra kentzeko ere erabil daiteke. Euskal Herrian, zenbait instalaziok (adibidez, Araiako kiroldegikoek, Deustuko Unibertsitateak eta landetxeren batek) era honetako energia agorrezina erabiltzen dute.

Hitzaldi-ziklora gonbidatutako hizlaria Iñigo Arrizabalaga izango da. Arrizabalaga EHUko geologoa da eta energia mota honetan aitzindaria da. Energiaren Euskal Erakundetik (EEE) sortutako 'spin-off' enpresa den Telur Geotermia y Agua konpainiako zuzendari nagusia eta Energia Geotermikoaren Espainiako Plataforma Teknologikoko (Geoplat) Geotermia Somera taldearen koordinatzailea ere bada. Energia geotermikoaren esparru orokorra, sailkapena eta aplikazioak aurkeztu ondoren, zirkuitu itxiak, zimendatze energetikoak eta instalazioak, eta arau esparrua eta merkatu aukerak azalduko ditu.

Manuel Carracedo irakaslearekin batera zikloa antolatzen ibili den Miren Mendia irakaslearen ustez, "lurrean metatutako energia termikoa eraikinak klimatizatzeko aprobetxatzeak, azken urteotan garatutako teknikez baliatuta, energia kontsumoak, lan kostuak eta berotegi efektuko gas isuriak nabarmen murriztea ahalbidetzen du". Bere hitzetan, gainera, "ikastaro labur honen bidez, geologo, ingeniari eta arkitektoei beste irtenbide profesional bat eskaini nahi diegu".

Contenido patrocinado