DONOSTIA 19 Jun. (EUROPA PRESS) -
'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztuko du Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) asteazken honetan, ekainaren 19an, Donostiako Konstituzio plazako liburutegian. Iñaki Alegria UEUko zuzendai ohiak ekarri du euskarara Rashid Khalidiren liburua.
UEUk jakiunarazi duenez, liburuaren egilearen esanetan, Palestinako historiari buruzko azterketa integral bat idatzi beharrean, Palestina menderatzeko borrokan gertatutako sei inflexio puntutan jarri du arreta.
"Palestinaren patua erabaki zuen 1917ko Balfour Adierazpenetik, Israelek 2000ko hamarkadaren hasierako Gazako Zerrendako setio eta Gazako biztanleriaren aurkako aldizkako gerretara, sei gertaera horiek nabarmentzen dute Palestinaren aurkako ehun urteko gerraren izaera koloniala, baita hura burutzeko kanpoko botereek izan duten ezinbesteko eginkizuna ere", azaldu du Khalidik.
Egileak gerra bizi izan zuten palestinarren esperientzien bidez azaldu nahi izan du kontakizuna, "partzialki bada ere"; haien artean batzuk bere familiako kideak dira, deskribatutako pasarte batzuetan presente egon zirenak.
"Lekuko izan nintzen gertaeretan neure oroitzapenak gehitu ditut, baita nire familiaren eta beste batzuen materialak zein lehen pertsonan idatzitako hainbat narrazio ere. Nire xede nagusia zera izan da, gatazka hau azaltzeko gailendu diren ikuspegi gehienetatik oso ezberdin den ikuspuntua ematea", adierazi du.
Bada, 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' liburuaren euskarazko itzulpenaren aurkezpena 11:30ean hasiko da, eta bertan izango dira Iñaki Alegria liburuaren itzultzailea, Zihara Enbeita UEUko komunikazio taldeko kidea eta Gidor Bilbao UEUko Argitalpengintza Batzordeko kidea.