EITBk 24. Korrikaren jarraipen zabala egingo du "teknologia zein baliabide aldetik ahalegin handia eginda"

EITBk 24. Korrikaren jarraipen zabala egingo du
EITB
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 10 marzo 2026 13:30

BILBO 10 (EUROPA PRESS)

EITBk jarraipen zabala egingo dio martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi eta 29an Bilbon amaituko den 24. Korrikari, "teknologia zein baliabide aldetik ahalegin handia eginda". Horrela, euskararen aldeko lasterketa herrikoiak tarte nabarmena izango du ETBko eta irratietako programazioetan, Orain albiste zerbitzuan eta EITBren YouTube kanalean, eta ETB ON plataformak 24 orduko etengabeko emanaldia eskainiko du.

EITBko ordezkariek azaldu dutenez, hasiera eta amaiera ekitaldiak eskaintzeko, 30 laguneko lantaldea, zortzi kamera (drona tartean) eta Korrikako furgonetaren seinalea erabiliko dira, eta Atharratzen, gainera, UHDko unitate mugikorra izango da. ETB1en eta ETB ONen jarraitu ahal izango dira bi emankizunak.

Euskadi Irratiak Korrikaren hasieraren eta amaieraren kontakizun osoa egingo du saio berezien bitartez: hilaren 19koa Itziar Alduntzinek gidatuko du Atharratzeko plazatik, eta 29an, berriz, 'Amarauna' eta 'Goizak Gaur' Bilbotik egingo dira. Radio Euskadik emanaldi berezia egingo du 19an Galder Perezen eta Olatz Arriolabengoaren eskutik, eta itxiera ekitaldia bertatik bertara jarraituko du goiz osoan.

Horrela, 11 egunez, eta 'Euskara gara' lelopean, Korrikaren atzetik ibiliko dira EITBko hedabideetako lantaldeak kamera eta mikrofonoak aldean hartuta. 'Egun On', 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan egunero zabalduko dute Korrikaren leihoa, baita 'Biba Zuek' eta 'Euskadi Quédate' arratsaldeko saioetan ere. 'Biba Zuek' saioak, gainera, Lekunberritik (Nafarroa) emitituko du martxoaren 23an, Korrika bertatik pasatzen den egunean; eta hilaren 18ko 'Tribuaren Berbak' saioan "Korrikak eragiten dituen zirrara, emozio eta bizipenak bilduko dituzte".

EGURALDIA

Bestalde, ETBko Eguraldiko lantaldeak ere bat egingo du Korrikarekin: egun bakoitzeko iragarpena eskainiko dute telebistako saioan eta sare sozialetan, eta herritarrek bidalitako Korrikaren argazkiak erakutsiko dituzte.

Makusi plataformako 'Kalaxka' eta 'Potx eta Lotx' saioetan eduki bereziak izango dituzte martxoaren 20an, eta Korrika bukatzen den egunean, martxoaren 29an, gunea jarriko dute Bilbon ume eta familiei zuzendutako ekimenen artean. Primeran eta Guau plataformetan eduki berezien bilduma izango dute, eta EITBren sare sozialetan ere jarraipen estua egingo zaio Korrikari.

Orobat, ETB ON plataformako kanal berezian Korrikaren "emozio guztia" jaso ahal izango da, eta, zuzeneko 24 orduko etenik gabeko seinalea ikusteaz gain, beste hainbat eduki izango ditu: 'Herriz herri' atalean' , dagoeneko lasterketa pasa den herriko irudiak; 'Airetik' atalean, dronarekin hartutako irudi ikusgarriak; 'Euskara' atalean, Korrikaren eta euskararen inguruan ETBn emititutako dokumentalak.

Azkenik, EITBk hiru kilometro izango ditu 24. Korrikan. Lehen hitzordua martxoaren 22an izango da, Iruñean, 13:45 bueltan; bigarren kilometroa hilaren 25ean izango da, 09:30 aldera, Donostian Pasaiako portuko zeharbidean, eta hilaren 29an, Bilbon, goizean goizetik eramango du EITBk lekukoa.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado