ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
GASTEIZ 23 Dic. (EUROPA PRESS) -
Erribera Beitian (Araba) dagoen Ekian eguzki parkeak behin betiko itxura hartu eta energia elektrikoa produzitzeko lehenengo probak hasi ditu abenduan, "arrakastaz", zortzi hilabete behar izan dituen instalazio fasearen ondoren. Ekoitzitako energia zuzenean ibilgailu batean iraultzea aukeratu du parkeak, ibilgailuak energia hori aprobetxa dezan, eta, zehazki, Irizar taldeko autobus elektriko batek %100ean kargatu ditu bateriak, produzitutako eguzki energiari esker.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola kargatze prozesuaren lekuko izan da tokian bertan, astelehen honetan. Eguzki parkearen lehenengo produkzioa izan da kargatze prozesu hori eta, ondoren, sarera konektatua izango da behin betiko martxan jar dadin. Lehenengo probarako aukeratutako autobusa Irizar konpainiako ie Tram modeloa izan da, konpainia enpresa bazkidea baita Ekian proiektuan eta jasangarritasunaren aldeko apustu garbia egiten du.
Arasur industrialdeko La Lágrima deitutako 55 hektareako hedadura duen industria sailean dago kokatuta Ekian eguzki planta fotovoltaikoa, Erribera Beitian (Araban). Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean taldeak sustatutako ekimen publiko-pribatua da, eta 22 enpresa jabek parte hartzen dute.
Azken belaunaldiko 66.000 eguzki panelen multzo batek osatuko du parkea; panel bakoitzak 355 watt ditu, eta 24 MWko instalatutako potentzia totala batuko dute, Euskadiko egungo eguzki potentzia bikoiztuz. Aurreikuspenen arabera, urtean, gutxi gorabehera, instalazioak 40.000 MWh ekoitziko ditu errendimendu betean, hau da, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia elektrikoa. Gainera, CO2ren 14.600 tona ingururen emisioa saihestuko du, energia hori jatorri fosileko beste energia iturri batzuen bidez produzitua izan balitz.