ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorrera deitu martxoaren 17an gutxieneko soldataren alde

MItxel Lakuntza greba orokorra iragartzeko agerraldian hitz egiten
ELA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 15 diciembre 2025 11:16

BILBO 15 (EUROPA PRESS)

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra egingo dute Hego Euskal Herrian 2026ko martxoarn 17an, 'Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 euro. Mejorar salarios para repartir la riqueza' leloarekin. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoan ezarriko den lanbidearteko gutxieneko soldata bat lortzea da helbuua.

Greba orokorraren iragarpena egiteko agerraldia izan da astelehen honetan Bilbon, eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak hitz egin dute. Hego Euskal Herriko erakunde politikoen "eraso antidemokratikoa" salatu dute biek, "bertoko gutxieneko soldata bati buruzko eztabaida hasteko aukerari ere bidea itxi diotelako".

Gogorarazi dutenez, alde batetik, Nafarroako Parlamentuak "txosten juridikoen aitzakia" jarri zuen eztabaida ukatzeko, eta, bestetik, EAJren, PSEren, PPren eta Voxen botoek "itxi zuten atea" Eusko Legebiltzarrean. "Beraz, mespretxatu egin dituzte Herri Ekimen Legegilea sostengatu zuten 138.000tik gora sinadurak", salatu dute.

Halaber, gogoratu dute erakundeek Pentsiodunen Mugimenduaren herri ekimen legegile bat ere baztertu zutela eta eztabaida fasera ez zela igaro, bai eta Confebask eta CEN patronalek uko egin dietela sektore arteko negoziazio kolektiboaren bidez lanbidearteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeari.

Horrenbestez, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek erabaki dute "erantzun indartsu bat" emango dietela Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei, eta greba orokorrera deituko dute martxoaren 17.

"Oso larria da ordezkari politikoek gizarteari ukatzea lege aldaketak proposatzeko duen aukera bakarra. Demokrazia zeharo murrizten ari dira", salatu dut.

Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez, "langileriaren eskubideen aldeko autogobernu eta burujabetza ariketa bat gutxietsi dute, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta patronalek Espainiako lan legedia inposatu nahi dute, euskal langile klasea are egoera prekarioagora bultzatzeko".

Hain zuzen, hasteko, greba deituko duten sindikatuek 1.500 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata bat proposatu dute 2026rako, eta EAEko eta Nafarroako parlamentuek finkatu beharko lukete, behin Espainiako Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin ondoren.

ESKAERA GOBERNUEI

Horregatik, sindikatu deitzaileek euskal alderdi politikoei galdegiten diete aldarri hori Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bide batez, eskatu diete ez dezatela EAEko nahiz Nafarroako estatus juridikoaren aldaketarik onartu baldin eta eskuduntza hori gabe bada.

Halaber, sindikatuok Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirau, hau da, lanbidearteko akordioak sina ditzatela gutxieneko spoldata hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako.

Sindikatuen arabera, lanbidearteko gutxieneko soldata handitzeak eragina izango luke negoziazio kolektiboan, beste soldaten igoera ere ekarriko bailuke. Horregatik, martxoaren 17ko greba orokorra "langileria guztiarentzako hitzordu saihestezina dugu". "Soldatak hobetzearen ondorioz aberastasunaren banaketa hobea lortzeko inflexio puntua da", gaineratu dute.

Orobat, deitzaile diren sindikatuek nabarmendu dute 1.500 euroko gutxieneko lanbidearteko soldata bat lortzeak emakume langileei ezarritako soldata arrakala murrizten ere lagunduko duela. Era berean, "ondorio zuzenak" izango ditu prekarizatuenak diren kolektiboetan (gazteak, migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak).

Sindikatuentzat, martxoaren 17ko grebaren ardatz izango den aldarrikapena gauzatuz gero, halako lanbidearteko gutxieneko soldata bat gauir egun "gabezia handiak" dituen "babes sozialeko sistemaren oinarri" izango litzateke.

Bestalde, 1.500 euroak gutxieneko pentsioaren zenbatekoa ere izan beharko liratekeela uste dute sindikatuek, eta horrela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskari nagusietako bat beteko litzateke. "Eta nahikoak izan beharko lukete etxebizitza bat eskuratzeko eta bizimodu independentea garatzeko", gaineratu dute.

BURUJABETZA ARIKETA

Bukatzeko, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek aipatu dute grebaren aldarri nagusia ikuspegi sozialetik eginiko burujabetza ariketa bat dela. "Aberastasunaren banaketa hobea eta kohesio sozial areagotua litzateke Hego Euskal Herriarentzako eskuduntza berrien bidez, patronalek eta gobernuek Madrilen erabakitako legeak baliatu nahi baitituzte euskal langileria prekarizatzeko", azaldu dute.

Honenbestez, sindikatu deitzaileen arabera, martxoaren 17ko greba orokorra "gizartearen aurrerapauso bat izango da erabaki politikoetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko", kasu honetan, "lanbidearteko gutxieneko soldata eta gainerako soldata eta prestazio sozialak erabakitzeko Hego Euskal Herriari zor zaion eskubidea".

Greba deituko duten sindikatuek nabarmendu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata bat lortzeak on egingo liekeela kolektiborik prekarizatuenei (gazteak, migratzaileak, emakumeak eta aniztasun funtzionala dutenak), eta jendarteko sektore zabalen elkartasun adierazpena izango dela.

"Langileria guztia deituta dago martxoaren 17ko greba orokorra sustatzera eta parte hartzera, datozen asteetan horren baitan izango diren mobilizazio guztietan bezala", ziurtatu dute.

Contenido patrocinado