Elhuyar Hiztegiak 30 urte bete ditu aurten eta 75 milioi kontsultak gainditu zituen iaz

Elhuyar Hiztegiak 30 urte bete ditu
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 18 febrero 2026 11:20

BILBO 18 (EUROPA PRESS)

Elhuyar Hiztegia paperean sortu zenetik 30 urte bete dira aurten eta "erreferentziazkoa" izaten jarraitzen du, 2025. urtean 75 milioi kontsulta baino gehiago izateak erakusten duenez, bere arduradunek prentsa ohar bidez nabarmendu dutenez.

Urteotan hiztegiko hitzak, adierak eta adibideak egokitu diren bezala, horiek kontsultatzeko modua ere guztiz aldatu da, hiztegi fisikoak izatetik, kontsultak mugikorrean, tabletan eta ordenagailuan egitera pasatu baitara: mugikorreko aplikazioa 100.000 aldiz baino gehiago deskargatu da, eta webguneak astean 150.000 bisita ditu, batez beste.

Elhuyarren arabera, erabilera datuek argi erakusten dute proiektua "garrantzitsua eta erreferentziazkoa" dela. Elhuyar Hiztegiaren atzean aditu talde batek egiten du lan, eta hitzak, adibideak eta oharrak ondo aztertu ondoren txertatzen dira hiztegian.

Bestalde, ataria hiztegi bat baino gehiago da (hiztegiak.elhuyar.eus), eta beste hauek ere eskaintzen ditu: euskararen erabileraren inguruko gomendioak (#ElhuyarrenGomendioak), idazten laguntzeko tresnak (Idazlagun) eta euskara errepasatzeko eta hobetzeko jolasak (#HitzJolasa).

Gainera, hiztegia etengabe eguneratzen da, "proiektu bizia" baita. Horrela, 2025ean, 2.800 sarrera inguru eguneratu ziren hiru hiztegi elebidunetan (euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa). Horietatik, 2.000 inguru sarrera berriak izan ziren, eta beste 800 sarreratan moldaketak egin ziren, hainbat arlotan.

Eguneraketa horien bidez, hiztegiaren kalitatea eta erabilgarritasuna hobetu nahi izan dira, eta eguneraketak egiteko, Elhuyar Hiztegiak hainbat iturri erabiltzen ditu; besteak beste, kontuan hartzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako eguneraketak, erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak, eta hedabideetan zein bestelako argitalpenetan agertzen diren hitz eta erabilera berriak (azken horiek Elhuyarrek garatutako hizkuntza teknologien bidez identifikatzen dira).

Azkenik, Elhuyar Hiztegian hizkuntza berdinzalea sustatzea helburu hartuta, 2025eko eguneraketetan bereziki landu zen genero ikuspegia, hiztegian desberdinkeriarik eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatzeko.

Contador

Contenido patrocinado