Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 28a arte

2022Ko Elhuyar Zientzia Azoka
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 15 enero 2022 13:30

BILBO 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Zientzia Azokaren hamargarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute, otsailaren 28ra bitarte, azokaren webgunean. Ekaineko lehen asteburuan ospatuko da azokaren ekitaldi nagusia Bilboko Areatzako kaian eta gazteek eginiko lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urteko ia 7.000 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.089 ikerketa proiektu edo proiektu teknologiko egin dituzte gazteek, eta, horietatik, 720 lan inguru aurkeztu dituzte Bilbon antolatu diren Elhuyar Zientzia Azoketan.

Bada, aurten ere, zientzia eta teknologia proiektuak garatzeko gonbita luzatu die Elhuyarrek Euskal Herriko 12-18 urteko gazteei eta beren irakasleei. Izan ere, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia proiektuen ekimena da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten sortua, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxilergoko gazteekin.

Gazte taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira talde lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da. Ekaineko lehen asteburuan ospatuko da Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia Bilboko Areatzako kaian eta gazteek eginiko lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da.

Horrela, gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko ikertzaile talde zabala bildu du dagoeneko Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 301 ikertzailek emana dute izena 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko. Ikertzaileetatik, %52 emakumeak dira, %47 gizonak eta, gainerakoak, ez bitarrak.

Hala, beren proiektuen barne, gazteek zientzia eta teknologiako benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte eta beren lanean bidelagun izango dituzte.

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak eta baldintzak, eta izena emateko formularioa, Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude. Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du azokak, eta euskal unibertsitate eta ikerketa zentro nagusien eta Euroeskualdearen lankidetza.

Contenido patrocinado