Elhuyarrek sarean jarri du erabilgarri Aditu hizketa ezagutzailea

Igor Leturia (ezkerrean) eta Jon Abril
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 12 marzo 2020 12:40

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Elhuyarrek Aditu bere hizketa ezagutzailea aurkeztu du ostegun honetan, Donostian. Audioak eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko plataforma bat da, eta Elhuyarreko I+G lantaldeko ikertzaileek garatu dute punta-puntako teknologia erabiliz.

Tabakaleran egindako agerraldian, Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Igor Leturia Aditu proiektuaren arduradunak eman dituzte azalpenak, gonbidatu eta kazetarien aurrean.

Leturiak azaldu du "hizketaren ezagutzaren arloko teknologiarik berritzaileenak erabili dituztela Adituren garapenean, hala nola sare neuronalak edota adimen artifiziala, eta euskara eta gaztelania ulertzeko eta prozesatzeko gai dela nabarmendu du.

Izan ere, Aditu elebiduna da, eta gaztelaniazko nahiz euskarazko transkripzioak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik nahiz zuzenekoetatik. Audio fitxategiak, bideo fitxategiak, nahiz sareko audio eta bideoetarako estekak (EiTB, RTVE, Youtube, Facebook, Instagram) prozesa ditzake. Horrez gain, aldibereko transkripzioak ere egiten ditu; hala, mikrofonotik hitz egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukera ere eskaintzen du.

Transkripzioen testuaz gain, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan), eta transkripzioa hitz bakoitzaren denbora markekin ere eska dakioke, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez. Plataformak berak, gainera, ediziorako interfaze bat du, Adituk automatikoki sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko.

Aditu aditu.eus webgunean bertan erabil daiteke, baina aukera ematen du beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko ere, bezeroen beharretara egokitu ahal izateko. Guztiz konfidentziala da sistema, eta malgua, bezeroen aplikazioetara egokitu ahal izateko, haien datuak modu seguruan eta berme osoz kudeatuz.

Aditu hizketa ezagutzailea eremu askotan aplika daiteke, eta bereziki erabilgarria da ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean (dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen grabazioen transkripzioak), administrazio publikoan (udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasotzeko), pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza, (4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotika, elkarrizketa agenteak eta laguntzaile birtualak, dei-zentroak) eta irisgarritasunean (diktaketa sistemak).

BIZITASUN DIGITALA

Bestalde, Abrilek nabarmendu du erraldoi teknologikoen estrategia eta merkatu interesetatik kanpora daudela euskara bezalako hizkuntzak, eta garrantzitsua dela Aditu bezalako baliabideak Euskal Herrian garatzea.

Bere hitzetan, "euskarak bizitasun digital ona izango badu, ezin ditugu erraldoi horiek egingo dutenaren edo egingo ez dutenaren menpe utzi gure hizkuntzarentzat giltzarriak diren garapen teknologikoak. Hortaz, ezinbestekoa da gure estrategia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea".

Hizkuntza teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta garapena egiteko "plan anbiziotsu bat" martxan jartzeko eskatu die Abrilek erakundeei, Aditu bezalako tresnak garatu ahal izateko, "horrek ekarriko baitizkio aukera berriak euskarari".

Contenido patrocinado