Elkartean-ek premiazko babesa eskatu du desgaitasuna duten emakume eta nesken aurkako indarkeria digitalaren aurrean

Elkarretaratze bat
ELKARTEAN
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 25 noviembre 2025 11:12

BILBO 25 (EUROPA PRESS)

Elkartean Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak desgaitasuna duten emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria digitalaz ohartarazi du eta premiazko babesa eskatu du horrenb aurrean.

Astearte honetan ospatzen den Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Elkartean-ek salatu du desgaitasun bat duten emakumeek eta neskatoek "askotariko indarkeriei" egin behar dietela aurre, eta arazo hori "larriagotu" egiten dela ingurune digitaletan. Horregatik, "berehalako babesa eta Interneteko segurtasuna bermatzeko ekintza espezifikoak" eskatu dizkie herri agintariei.

Lexuri Badiola Elkartean-eko teknikariak adierazi duenez, desgaitasun fisikoa duten emakumeek eta neskatoek erasoak jasaten dituzte sarean, hala nola "etengabeko kontrola eta zaintza, ziberjazarpena, nortasun ordezkapena eta baimenik gabeko informazio hedapena".

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak bermatzen du kolektibo horrek "indarkeriarik eta abusurik gabe" bizitzeko eta modu seguruan parte hartzeko "adierazpen askatasuna eta informazioa eskuratzeko askatasuna" izateko duen eskubidea.

Hala ere, indarkeria hori "arlo digitalean areagotu" egiten dela ohartarazi du Badiolak, eta, ildo horretan, "irisgarritasun teknologikorik ezak, eten digitalak eta autonomia murrizten duten infantilizazio jarrerek eta estereotipoek" erasoa indartu izana deitoratu du.

"Informaziorako sarbidea mugatua denean, salatzeko tresnak eskura ez daudenean, edo gizarteak gure sinesgarritasuna zalantzan jartzen duenean, indarkeria digitalak eremu emankorra aurkitzen du isilik egoteko", adierazi du.

Horregatik, Elkartean-ek ingurune digital "segurua, eskuragarria eta indarkeriarik gabea" izateko eskubidea eskatu du, baita "parte hartze autonomoa" ere, intimitatea eta erabakiak kontrolik gabe kudeatzeko aukera emanez.

Hori lortzeko, botere publikoei galdegin die politika, baliabide eta zerbitzu eskuragarriak garatzeko "indarkeria digitalari aurrea hartzeko, antzemateko eta aurre egiteko", bai eta genero ikuspegia txertatzeko desgaitasun politiketan eta desgaitasuna berdintasun politiketan eta segurtasun digitalean.

Azkenik, salaketa, laguntza juridiko, psikologiko eta sozialeko prozesuetan irisgarritasuna bermatuko duten neurriak hartzeko eskatu du, baita gaitasun digital seguruetan prestatzeko ere.

Contenido patrocinado