DONOSTIA 13 Mar. (EUROPA PRESS) -
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa udaberrian izango da eta hiru saio eskainiko ditu. Lehena asteartean izango da, martxoaren 14an, eta hurrengo biak apirilaren 18an eta maiatzaren 16an. Saio guztiak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitasmoaren helburua emakume zientzialariak ezagutzea da. "Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan", adierazi dute.
Horrela, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Cortes Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre.
Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa (zientziak eta humanitateak) gainditzeko irakurgaien artean, gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.
Lehenengo solasaldia asteartean izango da, martxoaren 14an, eta Itziar Cortes Etxabe izango da elkarrizketatua, 'Itziar Cortes Etxabe: hizkuntzak aro digitalean' izenburupean. Hizlariak Ingeniaritza Informatikoko ikasketak ditu, eta hizkuntzaren prozesamenduan espezializatuta dago.
Ingeniaritza alorreko ikasketetan emakumeek duten presentziari buruz ikertzen ibili zen karrera amaitzear zela, eta orain, adimen artifizialaren arloan lan egiten du, zehazki hizkuntza teknologiekin. Ikerketan eta garapenean lan egin izan du, esaterako, elia.eus itzultzaile automatikoaren proiektuan, eta, gaur egun, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzailea da.
POLIMEROAK
Marian Iriarte Ormazabal izango da bigarren elkarrizketatua. Polimeroak izango ditu hizpide, eta solasaldia apirilaren 18an egingo da, 'Marian Iriarte Ormazabal: kimika, egunerokoan' izenburupean.
Iriarte Ormazabal Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da, eta Donostiako Kimika Fakultatean dihardu 1991z geroztik. Zientziaren dibulgazioan ere aritzen da, eta, egun, Kimika Fakultateko dekanoa da.
Bere ikerketa arloa polimeroak dira. Polimeroak ontzigintzan hain erabiliak direnez, eta bizitza hain laburra dutenez, eragin oso kaltegarriak dituzte ingurumenean. Horrenbestez, azken urteetan, polimero biodegradagarrien munduan dabil, ontzigintzan erabiltzen diren polimero edo nahaste polimeriko asko ordezkatu ahal izateko.
Azken solasaldia Aiora Zabala Aizpururekin egingo da, maiatzaren 16an, 'Aiora Zabala Aizpuru: natura gure esku' izenburupean. Ingurumen Zientzietan lizentziatua da, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Unibertsitateko irakaslea da, eta 'Nature Sustainability'
zientzia aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz 'Natura gure esku' liburua argitaratu zuen.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.