Eneko Bidegain eta Karmele Jaio dira 2023ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Eneko Bidegain eta Karmele Jaio.
111 AKADEMIA
Actualizado: martes, 2 abril 2024 14:36

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Eneko Bidegain eta Karmele Jaio dira 2023. urteko 111 Akademiaren Sariko finalistak, eta horrela, akademiakideek Bidegainen 'Bichta éder' eta Jaioren 'Maitasun kapitala' lanen artean hautatu beharko dute sariduna.

Modu honetan, 111 Akademiako iturriek sarean jakinarazi dutenez, 2023ko saria nori eman erabakitzeko hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri da.

Castillo Suarezen 'Alaska', Eneko Bidegainen 'Bichta éder', Oihane Amantegiren 'Cayo Hueso', Josebe Blancoren 'Hausnarrean', Miren Agur Meaberen 'Itzulerak', Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala' eta Juan Kruz Igerabideren 'Ura saltoka' izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten zazpi obrak, alegia.

Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40 lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera igaro dira: Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eta Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala'. Bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 28ra bitarte.