Entitate pribatuek eleaniztunei nola ematen dieten zerbitzua euskaraz aztergai Euskaltzaindiaren Jagon Jardunaldian

Euskaltzaindiaren jardunaldi bat, covid-19aren aurreko egoeran
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 octubre 2020 13:11

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak elkarlanean antolatu dute XXV. Jagon Jardunaldia, 'Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei?' izenburupean. Azaroaren 6an izango da, dohainik, Miramongo Parke Teknologikoko auditorioan, Donostian.

Akademiaren iturriek jakinarazi dutenez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiko dute ekitaldia.

Hizlarien artean izango dira Miren Dobaran (Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea) eta Joseba Erremundeguy (Euskararen Erakunde Publikoa). Gainera, saltoki handien (El Corte Inglés), finantza erakundeen (Kutxabank), komunikazio operadoreen (Euskaltel) eta energia elektrikoaren eta gasaren banatze edo merkaturatze enpresen (Goiener) esperientziak partekatuko dira.

XXV. Jagon Jardunaldiaren bidez, hausnarketarako, esperientzien trukerako eta elkarlanerako foro edo gune bat eskaini nahi dute Euskaltzaindiak eta Jaurlaritzak, sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak bilduz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, XXI. mendeko euskal gizartea herritar eleaniztunek osatzen dute eta entitate pribatuek errealitate horren baitan ematen dute euren zerbitzua. Bada, topaketan, zenbait galderari eantzuna aurkitzen saiatuko dira, besteak beste, errealitate eleaniztun horretan zein leku duen entitate pribatuentzat euskarak, nola kudeatzen den hizkuntza gutxitu bat errealitate horretan, edota zein motibaziok laguntzen duen euskara ere zerbitzu hizkuntza izan dadin.

Halaber, erakunde pribatuek zein oztopo eta aurrera begira zein erronka dituzten, zein estrategia, ekimen eta bitarteko jarri dituzten abian errealitate eleaniztunari erantzuteko, eta covid-19ak zein eragin izan duen hizkuntzen kudeaketari dagokionez erantzuten ahaleginduko dira.

Contenido patrocinado