GASTEIZ 15 (EUROPA PRESS)
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek 'Beldur Barik, gau eta egun' kanpaina jarri dute martxan, herrietako jaietan eraso matxistak prebenitzea eta eguneko 24 orduetan errespetu, askatasun eta segurtasun giroa sustatzea helburu.
Ekimenaren aurkezpena astelehen honetan izan da, Ajuria Eneko Elkargunean, Gasteizen, eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu Iñaki Gurtubaik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Trinidad L. Vicentek eta Eudeleko presidente Esther Apraizek parte hartu dute.
Herri erakundeak elkarlanean aritu dira aurten ere udako jaietako jaiguneetan eraso matxistak prebenitzeko kanpainan. "Jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura hartu behar dugu, pertsona guztiekiko errespetua bermatzeko", adierazi du Miren Elgarrestak.
Oraingoan, 'Beldur Barik, gau eta egun' leloak azpimarratu nahi du gauez ez ezik, erasoak eguneko edozein unetan ere gerta daitezkeela. Elgarrestaren hitzetan, "ez dugu jarrera matxistarik onartuko, ez gauez, ez egunez. Indarkeria matxista presente dago oraindik gure gizartean eguneko 24 orduetan, eta hainbat modutan agertzen da: indarkeria sinbolikoa, psikologikoa, fisikoa".
Emakundek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udal guztietan banatu diren kanpainako materialak eguneratu ditu. Alde batetik, 'Beldur Barik' gidak jai inguruetan eraso matxistak identifikatzen eta horiei aurre egiten laguntzeko tresnak eskaintzen ditu. Argitalpen horren osagarri, dekalogo bat egin da, eraso matxista bat ikusi edo biktima izanez gero aholku eta baliabideekin.
Miren Elgarrestak eskertu egin du udal askok jaigune seguruak sustatzen egindako ahalegina: "Herri askotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira sentsibilizazioan, baina behin eta berriz esan behar dugu ez jaiak ez alkoholak ez dutela eraso matxista justifikatzen".
URTEAN ZEHAR LAN
Era berean, Esthjer Apraizek presidenteak nabarmendu du udalek urtean zehar lan egiten dutela jai seguruak, berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak diseinatzeko, konpartsekin, ostalaritzarekin eta mugimendu feministarekin koordinatuta.
Halaber, edozein erasoren aurrean "beste alde batera ez begiratzeko" deia egin die herritarrei Eudeleko presidenteak, eta arduraz eta konpromiso kolektiboz jokatzeko eskatu die. "Jaiak 24 orduz bizitzen badira, berdintasuna ere bai", azpimarratu du.
Azkenik, Iñaki Gurtubaik adierazi duenez, uda honetako leloa "festa seguruak une oro eraikitzeko deia da, eguneko lehen ekitalditik gaueko azkeneraino". "Jaiek emakumeentzako gune seguruak izan behar dute, askatasunean dauden espazioak. Hori kontuan hartu behar da jaiak planifikatzen eta antolatzen diren une beretik", gaineratu du.