Eroskik 45,2 milioi euroko etekinak izan ditu 2019an, aurrekoan baino 43,6 milioi gehiago

Eroskik Araian duen saltokia
EROSKI
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 16 junio 2020 16:20

BILBO 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eroski Taldeak emaitza positiboarekin amaitu du 2019ko ekitaldia, kontuak 2020ko urtarrilaren 31n itxi ondoren, eta 45,2 milioi euroko etekinak izan ditu, 2018ko ekitaldia 43,6 milioi eurotan hobetuz (1,6 milioi euro irabazi zituen orduan). Birfinantzaketako baldintzen balorazioak eta aktiboen balorazioaren egokitzapenak izan dute eragina emaitzan, Eroskik astearte honetan jakinarazi duenez.

Ildo positibo berean, etekin operatiboa hobetu egin da 2019an, bederatzigarren urtez jarraian, 193,8 milioi eurora helduz, hau da, Eroski Taldeak salmentetan "inoiz izan duen emaitza operatiborik onena". Ebitda ere hobetu egin da, eta 12,9 milioi euro handitu; hala, 263,6 milioi eurotan dago orain.

Eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko egindako zenbait proiektutan izandako lorpenek eta sare komertzialaren eraldaketak eta berrikuntzak izan dute eragina bilakaera positibo horretan.

Halaber, Eroski Taldeak sare komertziala 'Zurekin' eredura eraldatzen jarraitu du 2019an, belaunaldi berriko denden ezaugarria baita. Egun, 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 pasa.

Taldearen salmenta gordinak 5.266 milioi eurokoak izan dira, 2018an baino %2,4 gutxiago, hipermerkatuen alorrean perimetroa murriztu delako. Eroskik nabarmendu du salmentak igo egin direla sarea 'Zurekin' eredura eraldatu den eskualde guztietan.

Halaber, taldeak 74 denda inauguratu ditu 2019an, hala frankiziak nola denda propioak (61 supermerkatu, gasolindegi bat, sei bidaia agentzia, bost aisialdi eta kirol denda eta Cash & Carry bat). Eroski da Espainiako Estatuko iparraldean bigarren elikagai banatzailea, %13tik gorako kuotarekin.

ZORRA MURRIZTU

Bestalde, Eroskik 263 milioi euro murriztu du bere zor finantzarioa 2019an, eta, hala, 2010etik, 1.900 milioi euro inguru murriztu du. Iazko uztailean, Eroskik hitzarmen bat egin zuen banku entitateekin zorra berriz finantzatzeko, baita baldintza onak lortu ere, "eta horren balorazioa behar bezala erregistratu da urteko kontuetan".

Halaber, sei milioi pertsona dira Eroskiren Bazkide Bezero edo Eroski Club, Caprabo eta Forum Sport txartelen jabedun, eta 2019an, taldeak 308 milioi euroko aurrezpena transferitu die bezeroei eskaintza eta sustapenetan.

Azkenik, Eroski S. Coop. kooperatiba nagusiak emaitza positiboak izaten jarraitu du, eta 2019an 72,3 milioi euroko etekina izan du, 2018an baino 58,4 milioi gehiago. Salmentak 1.772 milioi eurokoak izan dira, aurreko ekitaldian baino %1,8 gehiago.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado