Erraldoi eta Buruhandien Txokoaren lanak lizitatuko ditu abenduan Gasteizko Udalak, 441.100 euroko aurrekontuarekin

Erraldoi eta Buruhandien Txokoaren lanak lizitatuko ditu abenduan Gasteizko Udalak
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 26 noviembre 2026 16:40

GASTEIZ 26 Nov. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak abenduaren 4an onartuko du Erraldoi eta Buruhandien Txokoaren obren lizitazioa, 441.106,81 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko gauzatze epearekin. Proiektua Mantentze Zerbitzuak egin du, eta autobus geltoki zaharraren eraikina egokitzea aurreikusten du (Herrandarren kalea, 70), Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa har dezan.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, obrak bi zati izango ditu. Lehenengoak 150.000 euro inguruko balioa izango du eta estalkia ordezkatzean datza, eraikinaren iragazgaiztasuna bermatzeko, erraldoiak eta buruhandiak hartzeko ezinbesteko baldintza baita. Prestazio termikoak ere hobetuko dituen berrikuntza da.

Bigarren fasean, txokoaren proiektuari berari lotutako ekintzak hasiko dira, Gasteiz Hobetuz proiektuei esleitutako 300.000 euroko zenbatekoarekin. Hala, haurrentzako jolasak, bankuak eta paperontziak desmuntatu eta kenduko dira, egungo zoruaren ordez zeru zeramiko berria jarriko da, zurezko egiturak lixatu eta bernizatuko dira, eta eraikinaren barruko eta kanpoko hormigoia margotuko da.

Kanpoaldean, arotzeriako elementuak zaharberrituko dira, iparraldeko sarrerako atea ordeztuko da eta tamaina handiko beste bat sortuko da hego-ekialdean, erraldoiak sartu ahal izateko. Era berean, instalazio elektrikoa eta argiztapena egokituko dira (baita larrialdikoa ere), eta eraikinak bi sistema berri izango ditu: suteak detektatzeko eta alarmak emateko sistema, eta intrusioen aurkako sistema. 2024an bizikleten aparkaleku seguru gisa egokitu zen eraikinaren zatia erabilera horretarako mantenduko da.

Izaskun Reyes Mantentze Lanetako zinegotziak adierazi du autobus geltoki zaharra "oso eraikin egokia" dela Erraldoi eta Buruhandien Txokoa hartzeko, "bere kokapenagatik eta ezaugarriengatik". Bigarren bizitza bat emateko prozesua zaildu duten hainbat akats zituela zehaztu du, baina azkenean, gaineratu duenez, "oztopo guztiak gainditu ditugula esan dezakegu, eta lizitazio hau izango da proiektua desblokeatuko duen giltza. Horri esker, Konpartsak espazio propio berria izango du, erraldoiak eta buruhandiak herritarrengana are gehiago hurbiltzeko".

Era berean, Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak nabarmendu du "oso albiste ona" dela Erraldoi eta Buruhandien Txokoa errealitate bihurtzen hastea. "Proiektu honek boto asko izan zituen. Hain zuzen ere, Vitoria-Gasteiz Hobetuzen laugarren edizioan boto gehien jaso zuena izan zen. Babes hori gasteiztarrek Andre Maria Zuriaren jaietako nortasun-ezaugarrietako bat zaintzeko eta zabaltzeko duten interesaren isla da", adierazi du.

Fernandez de Landaren hitzetan, "gogor egin dugu lan ilusio hori errealitate bihur dadin. Azkenean, Erraldoi eta Buruhandien Konpasak etxe iraunkorra izango du. Erraldoiak eta buruhandiak gure memoria kolektiboaren, belaunaldi askoren oroitzapenen eta transmititzen jarraitu nahi dugun tradizioaren parte dira".

Contador

Contenido patrocinado