Ertzaintzak 2030erako 8.000 agente izateko negoziazioei ekingo die Jaurlaritzak

Archivo - Ertzainak
IREKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 15 abril 2025 13:35

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak astearte honetan iragarri dio gobernu kontseiluari Ertzaintzak 2030erako 8.000 agente izateko enplegu planaren negoziazioei ekingon diela.

Gobernu bileraren ostean egin den prentsa agerraldian Zupiriak azaldu du planak "proposamen batzuk" jasotzen dituela behar den ertzain kopurua prestatzeko, "alde batetik erretiroa hartzen joango direnen lekua betetzeko eta, bestetik, 2030ean 8.000 agente izatera iristeko eta dimentsio horri denboran eusteko, Euskadin segurtasuna bermatzeko tresna gisa".

Proposamena asteazkenean aztertuko dute Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuek parte hartzen duten euskal polizia autonomikoaren kontseiluaren bileran.

Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzake gehienez. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko koordinazio organo gorena den Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordeak 2005ean hartutako akordio batetik dator kopurua, eta ezin da inolaz ere gainditu.

Bada, Ertzaintzaren enplegu planak, besteak beste, barne hartuko ditu langileen erabilgarritasunen eta beharren azterketa, hala langile kopuruaren ikuspegitik nola lanpostuak betetzeko eskatzen den gaitasun profesionalaren ikuspegitik, eta plangintzaren xede den aldirako langile beharrak betetzeko moduak identifikatzea, hautaketa eta prestakuntza neurriak eta barne sustapeneko edo langileen prestakuntzako neurriak kontuan hartuta.

8.000 agentera iristeko, Segurtasun Sailak lan eskaintza publiko berriak aurreikusi ditu alde batetik, eta mailaz igotzeko ikastaroak bestetik. Era berean, medikuen eta teknikarien eskala garatzeko aukera ere planteatu da; aukera hori 2022an dekretu bidez onartu zen eta orain arte ia ez da erabili. Kasu honetan, izangaien gaikuntza teknikoa eta zientifikoa hartuko dira kontuan hautaketa egiteko.

Helburua lortzeko Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Akademiak duen garrantzia nabarmendu du Zupiriak: "Arkautik berebiziko garrantzia izango du agenteak hautatzeko eta prestatzeko prozesuan, bai sartuko diren berrien prozesuetan, bai mailaz igotzeko eta espezializazioko prozesuetan ere".

Hori dela eta, sindikatuei planteatuko zaie akademiaren barnetegi formatua berreskuratzea, "konfiantza eta kohesioa sortzeko". "Asmoa da jarduera profesionala behar bezala betetzeko zeharkako gaitasunak eskaintzea", adierazi du Zupiriak.

Horretarako, Segurtasun Sailak lotarako lekuak eta ikasgela berriak egokitu beharko ditu, jangela eta garbiketa zerbitzua zabalduko du, irakasle gehiago izango ditu eta jantzi gehiago erosiko ditu.

 

Contenido patrocinado