DONOSTIA 1 Ago. (EUROPA PRESS) - Donostiako Aste Nagusian Ertzaintzak eta Udaltzaingoak presentzia areagotuko dute kalean; batez ere, jende gehien biltzen den eremuetan; hala nola, Alde Zaharrean, Gros auzoan eta hiriaren erdigunean, azken urteetan egin ohi den bezala, patruila bateratuekin.
Koordinazio Batzordeak Aste Nagusirako aurreikusitako operatibo berezia errepasatu du. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bilera burutu dute gaur goizean. Bertan, ohiko Artillero eta Kanoikadarekin abuztuaren 10ean hasiko den datorren Aste Nagusirako segurtasun-dispositiboaren xehetasunak itxi dira.
Bileran izan dira, Segurtasuneko sailburuordea, Rodrigo Gartzia, Herritarren Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzia, Martín Ibabe, Ertzaintzako burua Josu Bujanda, Udaltzaingoko zuzendaria Jon Udakiola eta beste polizia-agintari batzuk.
Udalak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak arreta berezia jarriko dute delitu ohikoenen prebentzioan, hala nola, ebasketa txikiak eta telefono mugikorren lapurretak edo alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondoriozko jokabideekin lotutakoak. Era berean, eraso eta abusu sexistak prebenitzen lagunduko dute, gaueko zaintza indartuz, jaietako jarduerez gozatu ondoren etxera itzultzeko orduan herritarrei babes handiagoa eskaintzeko.
Donostiako Udaleko Segurtasuneko zinegotzi Martín Ibabek nabarmendu duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak "beren zerbitzuak indartuko dituzte Donostiako Aste Nagusian, ahalik eta ordu eta eremu gehien betetzeko, bai jai-esparruetan, bai jende gehien biltzen den lekuetan". Ibabek adierazi duenez, bi segurtasun indarrek "esperientzia handia dute elkarrekin eta koordinatuta lan egiten jaiegunetako operatiboei begira".
Bestalde, Josu Bujanda ertzainburuak azpimarratu du garrantzitsua dela Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dispositiboa elkarrekin planifikatzea, eskura dauden baliabide guztiak koordinatzeko. Era berean, nabarmendu du herritarren laguntza funtsezkoa izango dela bai prebentzio-lanetan, bai bi polizien berehalako jarduketan.